Udal Musika Bandak kontzertu berezia eskainiko du gaur

Urola Kostako Hitza 2016ko abe. 23a, 14:08
Azpeitiko Udal Musika Banda, banden arteko alardean. (Eider Bereziartua).
Herriko hainbat taldek, musikarik eta abeslarik ere parte hartuko dute emanaldian. 150. urteurrenari bukaera emango diete.

Udal Musika Bandak 150. urteurreneko egitasmoei bukaera emango dien kontzertua eskainiko du gaur iluntzean, Soreasu antzokian. 22:00etan hasiko da emanaldi berezia, eta bandako kideez gain, dozenaka lagunek parte hartuko dute. Bandako kideek azaldu dutenez, "ekitaldi, kontzertu eta ikuskizun berezia" izango da gaurkoa. "Banda batek izan ditzakeen erregistro ezberdinak erakutsiz, estilo eta mota askotako abestiak entzun ahal izango dira kontzertuan".

Ez da kontzertu soila izango; izan ere, musikarekin uztartuko dituzte antzerkia eta dantza, eta 150 bat lagun izango dira oholtzan. Besteak beste, ekitaldian izango dira Itsasiko eta Sahatsakoak, Izarraitzeko eta Juan Antxietako txistulariak, Tobalo Iglesias taldekoak, Luis Alberdi Beltzaren dantza eskolako kideak, Jose Mari Orbegozo eta Dantzaki taldekoak, Antxieta eta Julian Barrenetxea abesbatzetakoak, Kbeat ahots taldekoak, Methalika taldeko kideak nahiz Garikoitz Mendizabal, Iraia Bereziartua eta Ignacio Arakistain musikariak eta Olatz Prat eta Angel Azkue Piti abeslariak.

Erreportajea osorik, Urola Kostako Hitzaren webgunean.