Eguraldiari pultsua jokatzen, santotomasak jai giro ederrean ospatzen

Uztarria.eus 2016ko abe. 21a, 15:24

Gaur, abenduak 21, Santo Tomas eguna da Azpeitian, festa eguna, alegia. Zeruari begira hasi dute eguna hainbat herritarrek, euririk egingo ote zuen edo ez kezkatuta. Azkenean ateri egin du, eta gaurko prestatuta zeuden ekimenez gozatzeko aukerari ez diote hutsik egin ehunka eta ehunka herritarrek. Hala, 11:00etarako plaza girotzen gasi da, eta bertan jarri dituzten postuetan herritarrek txorizoaz eta taloez gozatzeko aukera izan dute. Horrez gain, urtero bezala, baserritar jantziak hartu du presentzia Santo Tomas egunez.

Goiz partean ez da festarik falta izan, eta diana, dulatzaineroak, ttuntturroak, Udal Musika Banda nahiz erraldoi eta buruhandiak izan dira Alde Zaharreko kaleetan. Horrez gain, 10:00etan hasita, Patxi Azkargortaren omenezko pilota txapelketako finalak jokatu dituzte Frontoi Txikian. Kulturak ere izan du bere lekutxoa. Izan ere,  XXXIV. Euskal Antzerki Topaketetako saria banatu dute udaletxean; Zestoako Eromen antzerki taldea izan da irabazlea Sweeney antzezlanarekin eta 600 euroko diru-saria jaso dute. Gainera, goiz osoan zehar bertako produktuen azoka ere izan da Done Jakue kalean.

Gaztetxekoek, berriz, urtero bezala sagardoz betetako karroa atera dute kalera, Alde Zaharreko txokoak alaitu asmoz. Hala, 12:00etan hasita kantu ta danatza ibili dira alde batetik bestera. 

12:00etan herri kirol erakustaldia hasi da, eta Mikel Larrañaga eta Joseba Otaegi aizkolariek eta Idoia Etxeberria, Jon Unanue Goenatxo III.a eta Aimar Irigoien harrijasotzaileek hartu dute parte. Ordu berean Aitor Mendiluze eta Unai Agirre bertsolariak kantuan aritu dira udaletxeko balkoian. Gai-jartzaile lanetan, berriz, Sebastian Lizasok aritu da.

Arratsalde partean ere ez da festarik faltako. Sanagustin kulturgunean Gazteen XVI. Azpeitiko Dantza Suelto Txapelketa egingo dute, 18:00etan hasita. Kalean, berriz, 18:00etatik 21:30era bitartean, Egonean elektrotxaranga ibiliko da, Perez Arregi plazatik abiatuta.