Bigarren diskoa aurkeztuko du Kalusek hilaren 29an, Gaztetxean

Uztarria.eus 2016ko abe. 22a, 11:47
Kaluse, bigarren diskoa grabatzeko lanetan. (Peru Iparragirre)

Kaluse izena izango du bikote azpeitiarraren bigarren diskoak ere, eta "zortzi pistez" osatutako lana da. Beste hainbat artistekin egindako kolaborazioak bildu dituzte diskoan, tartean Iraia Bereziartuarekin eta Felipe Murillorekin egindakoa.

Urtebete beranduago, aurreneko diskoa aurkeztu zuten leku berean aurkeztuko dute bigarren diskoa Kaluse osatzen duten Unai Martinezek eta Ibon Gerrak. Hala, Azpeitiko Gaztetxean eskainiko dute Kaluse izeneko bigarren lana aurkezteko zuzenekoa, abenduaren 29an, 22:00ean hasita. Sarrera (diskoa barne) 5 euro ordaindu beharko da. Behin kontzertua bukatuta, "musikak eta giro onak" jarraituko dutela aurreratu dute.

Aurreneko diskoan rock, stoner eta metal progresiboz betetako doinuak jaso zituen bikote azpeitiarrak, rock instrumentalaren doinu ederrak, hain zuzen. Oraingoan ere bide beretik datoz, eta "zortzi pistako" lana osatu dute. Horien artean, abestiak, sarrerakoak eta kolaborazioak daude. 

Iraia Bereziartua eta Felipe Murillo azpeitiarrek ere parte hartu dute diskoaren ekoizpenean, euren musika eskainita. Horiez gain, beste hainbat artisten kolaborazioak ere bildu dituzte. Disko berrirako doinuen grabaketa lanak Azkoitiko Jan ta Lo baserrian prestatutako behin-behineko estudioan egin dituzte, Ander Barriusoren laguntzarekin.

Iazko azaroan aurkeztu zuten aurreneko lana, Azpeitiko Gaztetxean. Orduz geroztik, hainbat zuzeneko eskaini dituzte Euskal Herriko txoko ezberdinetan, bateria eta gitarra elektrikoa lagun, entzuleei rock instrumentalaz gozatzeko aukera emanez.