Ate joka dira santotomasak

Uztarria.eus 2016ko abe. 20a, 11:04
Iazko santotomasetako irudia.

Baserriko produktuen azoka, Azpeitiko Udal Musika Bandaren eta Eltziegoko gaiteroen kalejira, Gaztetxeko sagardo karroarekin kalejira, herri kirolen erakustaldia eta Patxi Azkargorta zenaren oroimenezko pilota txapelketaren finalak izango dira, besteak beste. 

Festa girorik ez da faltako bihar, abenduak 21, Azpeitian. Izan ere, Santo Tomas eguna izanik, egitarau oparoa prestatu dute biharko. Eguraldia lagun izango den edo ez jakin gabe ere, jaiez gozatzeko aukera ederra izango da santotomasetan. 

Goizean hasi eta arratsaldera bitartean hainbat ekitaldi izango dira herrian, eta kirola, dantza, barazkien postuak eta musika, behintzat, ez dira faltako. Goizean izango dira prestatutako ekitaldi gehienak: baserriko produktuen azoka, Azpeitiko Udal Musika Bandaren eta Eltziegoko gaiteroen kalejira, Gaztetxeko sagardo karroarekin kalejira, herri kirolen erakustaldia eta Patxi Azkargorta zenaren oroimenezko pilota txapelketaren finalak, besteak beste. 

Horrez gain, San Tomas eguneko talo eta txorizo postuak 11:00etan zabalduko dituzte, eta egun osoan izango dira zabalik. Arratsaldean, aldiz, XVI. Gazteen Dantza Suelto Txapelketa izango da Sanagustin kulturgunean.

Hemen biharko prestatu duten egitaraua:

  • 10:00. Izarraitz txistulari taldekoen diana, kalez kale.
  • 10:00. Patxi Azkargortaren oroimenezko pilota txapelketaren finalak, Frontoi Txikian.
  • Goiz osoan. Baserriko produktuen udazkeneko azoka berezia, Done Jakue kalean. Barazkiak, fruituak, gazta, ogia, gozoak… ikusteko eta erosteko aukera izango da bertan.
  • 11:00etatik aurrera. Txistorra eta talo postuak egongo dira herriko plazan egun osoan zehar.
  • 11:00. Azpeitiko Udal Musika Bandak eta Eltziegoko gaiteroek kalejira egingo dute.
  • 12:00. Azpeitiko XXXIV. Antzerki Topaketetako Ikusleen Saria banatuko dute, udaletxeko areto nagusian. Zestoako Eromen antzerki taldeak jasoko du, Sweeney antzezlanagatik.
  • 12:00. Gaztetxeko sagardo karroarekin kalejira, Erdikaletik hasita. 
  • 12:00. Herri kirol erakustaldia, herriko plazan. Aurkezle lanetan ariko da Juanjo Sagastibeltza.

- Aizkoran: Mikel Larrañaga eta Joseba Otaegi ariko dira. Horiek egin beharreko lanak honako hauek dira: enbor bana nork kolpe gutxiagotan ebaki, enbor bana nork azkarrago ebaki eta bost enbor ebaki.

-  Harrijasotzen: Idoia Etxeberria, Jon Unanue Goenatxo III.a eta Aimar Irigoien ariko dira. Egin beharreko lanak honako hauek dira: Etxeberria 100 kiloko zilindroarekin eta 75 kiloko kubikoarekin ariko da. Goenatxo III.a 200 kiloko errektangularrarekin, 125 kiloko kuboarekin eta 100 kiloko bolarekin. Eta Irigoien 175 kiloko zilindroarekin, 125 kiloko kuboarekin eta 100 kiloko bolarekin.

  • 12:00. Bertsolariak kantuan ariko dira herriko plazako kioskoan. Gai-jartzailea: Sebastian Lizaso. Bertsolariak: Aitor Mendiluze eta Unai Agirre.
  • 12:00. Itsasi dantza taldeko ttuntturroen eta Juan Antxieta musika eskolako soinujoleen kalejira.
  • 13:00. Erraldoiak, buruhandiak eta dultzaineroak kalez kale. Plazako kioskoan Referee DJa ariko da musika jartzen.
  • 18:00. Azpeitiko XVI. Gazteen Dantza Suelto Txapelketa, Sanagustin kulturgunean.
  • 18:00etatik 21:30era bitartean, Egonean elektrotxaranga ibiliko da kalean, Perez Arregi plazatik abiatuta.