Poltsa konpostagarriak herriko hainbat saltokitan eskuratzeko aukera izango da aurrerantzean

Uztarria.eus 2016ko abe. 19a, 14:53

Babesa arropa dendan, Itzira tabernan, Xiriako kafetegian eta Jose Artetxeko tabako dendan egongo da poltsak jasotzeko aukera, doan.

Orain arte Urola Erdiko Mankomunitatearen bulegoan eskuratu zitezkeen poltsa konpostagarriak, baina zorro horiek herriko hainbat saltokietan eskuratzeko aukera izango da aurrerantzean. Babesa arropa dendan, Itzira tabernan, Xiriako kafetegian eta Jose Artetxeko tabako dendan izango dira poltsak eskuragarri, komertzio bakoitzaren arreta-ordutegian.

Joan den apirilean jarri zuten abian poltsak banatzeko establezimenduak aukeratzeko prozesua, eta orain eman dute poltsak banatzeko aukeratutako saltokien berri. Aitor Bereziartua Urola Erdiko Mankomunitateko lehendakariak azaldu duenez, saltokiak "estrategikoki banatuta" daude, auzo eta eremu ezberdinetan, herritar guztiek eskuragarri izan ditzaten. 

Kanpainaren helburua birziklapena sustatzea eta poltsa konpostagarriak herritarren eskura jartzea da, horiei hondakinak jatorrian bereizteko baliabideak emanez. Urtebetez egongo dira zorroak saltoki horietan eskuragarri, eta familia bakoitzak 40 poltsako hamabi biribilki jasotzeko aukera izango du urtean, doan. Kontrol gisa, poltsak hartzen dituztenek etxeko helbidea eman beharko dute.

Neurri handiko poltsa konpostagarriak, aldiz, Urola Erdiko Mankomunitatearen bulegoan (Enparan kaleko 34. zenbakian) soilik izango dira eskuragarri.