Urola Kostako LABek Gabonetan preso eta iheslari politikoen aldeko ekimenetan parte hartzeko deia egin du

Uztarria.eus 2016ko abe. 19a, 13:52

Urola Kostako LABek dei egin die herritarrei Gabonetan preso eta iheslari politikoen aldeko ekimenetan parte har dezaten. LABeko kideek azaldu dutenez, sindikatuak behin eta berriz esan du "presoen egoerak konponbidea" behar duela, eta horretan lanean jarraituko dutela azpimarratu dute. Hala, Preso eta iheslari politikoak etxera ekarri behar ditugu kanpainarekin bat egin du LABek, eta "preso eta iheslari politiko guztiak etxean izan arte" lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi dute.

Hala ere, sindikatuaz haratago presoen alde lanean ari diren beste eragileei babesa adierazi nahi diete Urola Kostako LABeko kideek, eta ekimen horietan parte hartzeko deia egin dute. "Zorionez presoen eta iheslarien gaiari bultzada emateko hainbat ekimen daude martxan, eta Urola Kostako LABeko kideok horietan parte hartuko dugu. Euskal preso eta iheslari politikoen aldeko borrokarekin bat egiten dugu, eta, horregatik, ondorengo deialdietan parte hartuko dugu eta gainontzeko langileei ere parte hartzeko deia egiten diegu", adierazi dute.

Honako ekitaldietan parte hartuko dute eskualdeko LABeko kideek:

  • Sarek deituriko urtarrilaren 14ko manifestazioan.
  • Kalera Kalera dinamikak deitzen dituen mobilizazioetan, nazionaletan zein eskualdekoetan.
  • Etxeratek deitutako ekimenetan.
  • Ireki dinamikak bildu nahi dituen sinadurak lortzen ariko dira LABeko kideak lantegiz lantegi.