Alaitz Olaizolak irabazi du Karmele Igartua sorkuntza beka

Uztarria.eus 2016ko abe. 19a, 10:43
Karmele Igartua Sorkuntza Bekako sari banaketako irudia (Goiena.eus)

Sugegorri lanarekin irabazi du Olaizolak. Eskola antzerki lanak aurkeztu behar izan dira aurten bekara, eta zortzi proiektu aurkeztu dituzte guztira. 

Alaitz Olaizolak (Azpeitia, 1975) irabazi du Idazle Eskolak ematen duen Karmele Igartua sorkuntza beka, Sugegorri lanarekin. Aurtengoa seigarren edizioa izan da, eta parte-hartzaileek eskola antzerki lanak aurkeztu behar izan dituzte. Guztira zortzi proiektu aurkeztu dituzte, eta epaimahaia Iñaki Zubeldia eta Pako Aristi idazleek eta Itziar Gomez aktore eta gidoilariak osatu dute.

Aurten sari bakarra eman beharrean bi ematea erabaki dute, eta modu horretan, Goizeder Iturain zumaiarraren Elefanterik gabeko zirkua lanak aipamen berezia jaso du. Nabarmendutako bi lanak, "lan originalak" direla aipatu dute  Idazle Eskolako ordezkariek. Alaitz Olaizolaren Sugegorriken kasuan, zehazki, "originaltasuna, kalitate literario altua eta euskara egokia eta egilearen sormena" nabarmendu dituzte.