Mikel Larrañaga: "Hiru kamioikada egur puskatzen ditut urtean"

Uztarria.eus 2016ko abe. 17a, 14:05
Mikel Larrañaga aizkolaria.

Erdi jolasean hasitakoa afizio serioan amaitu da Mikel Larrañagarentzat. Euskal Herriko Lehen Mailako Aizkora Txapelketan hirugarren egin du.

Gipuzkoako Bigarren Mailako Aizkolari Txapelketan nagusitu zen, 2013an. Herrialdeko lehen mailan urtebete eginda eta Jose Mari Olasagasti edo Iñaki Azurmendi bezalako kirolariei gain hartuta, 2014an Lehen Mailako Txapelketa irabazi zuen. Aurten, berriz, Gipuzkoako Lehen Mailako Aizkora Txapelketaren finalean aurrena egin du, eta Euskal Herrikoan hirugarren. Duela zazpi urte erdi jolasean hasitakoa, afizio serioan amaitu da.

20 urterekin hasi zinen aizkoran, desafio bat tarteko. Nolako erronka izan zen?

Landetako bi lokaletako kuadrillen arteko desafioa izan zen: aizkoran, harri jasotzen, lokotx bilketan, zakua eramaten, korrikan... denetik egin genuen. Orduan, bi aizkora erosi nituen Urnietan. Tailerretik egur batzuk hartu, lokalera eraman eta halaxe hasi nintzen. Aurretik baserrian egurra txikitzen-eta ibilia nintzen, baina esan daiteke orduan heldu niola aizkorari aurrenekoz.

Etxeko negozioa den zerrategian egiten duzu lan. Egurra mozteko halako makineria izanda, aintzinako bidetik aritzen zara, aizkoran.

Bai, makina egurra hala mozten ikustean pentsatzen dut: "Gu zertan ari gaituk!". Baina, azken finean, betetzen nauen kirola da.

Baina zu 'kaleumea' zara. Afizioa nondik datorkizu?

Bai, beno, lau urtera arte baserrian bizi izan nintzen, Aizpurutxon. Gero, eskolan hastean, Azpeitira etorri ginen bizitzera. Ama Urretxuko baserri batekoa da, eta kalean bizi arren, baserriarekin lotura handia izan dut beti.

Entrenamendurako materiala lortzeko erraztasuna al da zerrategia?

Ez. Guk zerran pinuarekin eta alertzearekin egiten dugu lan, eta aizkorarako pagoa behar da. Aparte ekartzen dut nik aizkorarako egurra Frantziatik. Kamioikadak 1.800 euro balio du, eta urtean hiru bat puskatzen ditut.

Afizio garestia, inondik ere.

Kapritxoa da. Australiatik ekarritako aizkora bakoitzak 400 euro balio du, eta guztira hogei ditut, baina ona beti bakarra izaten da. Guk aizkoratik ez dugu dirurik ateratzen, bestela honezkero laga genuen lana. Orain, lehen mailan egonda, gero eta erakustaldi gehiago ditugu, baina, halere, gastua gehiago egiten dugu.

Zer entrenamendu saio egiten dituzu? Nork laguntzen dizu prestaketa lanetan?

Astean hirutan egiten dut aizkoran, eta beste bitan mendi buelta, nahiz eta aspaldian mendia utzi samar dudan. Bi horiek zuzen eramanez gero, fisikoki ondo prestatu izan naiz. Eta prestaketan laguntzen hasieratik alboan izan dut zerrategian lankide dudan Aratzerrekako Inixio Zendoia. Entrenamendu bat bera ere ez du huts egin, eta erakustaldi guztietara laguntzen dit, zapatua nahiz igandea izan. Txapelketak gerturatu ahala, berriz, Ezkioko Ugartemendia aizkolariarengana joaten gara, teknika-eta lantzera.

Txapelketak eta apustuak biak probatu dituzu. Zer alde dute prestaketari dagokionez? Zeu non sentitu zara erosoen?

Berez biek prestaketa bera beharko lukete izan, baina apustu baten aurrean serioago prestatzen gara; dirua dago tartean, eta jendeak ere jokatu duela entzunez gero, presioa duzu... Erosoen? Txapelketetan aizkolariak bakarrik aritzen gara, laguntzailerik gabe. Apustuen alde ona da bi lagun dituzula; bat ura edo toalla ematen, eta bestea aizkora ematen eta markatzen. Babes hori izanda, seguruago eta lasaiago aritzen naiz. Egia da, ordea, txapelketetara joan, maila polita erakutsi eta aurrera egiten dugula ikusteak aurrera segitzeko indarra ematen dizula.

Mundu horretan hasi zinenean espero al zenuen lortu duzun mailara iristea?

Ez bela! Aizkoran hasi nintzenean aitak hala esan zidan: "Sekula aizkoran aritu ez, eta orain aizkoran nola egingo duk ba!". Zendoiak berak ere esan izan dit Mendizabalen jende askok esaten zuela ez nuela aizkoran egingo. Baina hark orain esaten dit kuadrillen arteko desafio hartan ikusi zuela sekula aizkora hartu gabea izateko txukun egiten nuela, eta bazuela konfiantza nigan.

Zure ingurukoek zer zioten orduan eta zer diote orain?

Amak beti animatu izan nau, eta txapelketak gerturatu ahala, "jan ezazu halako edo beste halako" esanez, asko saiatzen da. Berez, zaintzen naizena baino gehiago zaintzea badago, eta futbolaria banintz, agian, zorrotzago zainduko nintzateke, baina ikusita hor ez dagoela dirurik, ez ezer, ba... Aitak ere jarraitzen nau, baina ikusten badu irabazteko moduko zeozer ez dudala irabazi...

Aurrera begira, zer helburu dituzu?

Aurten lehen hiruetan geratuta, datorren urteko txapelketarako gehiago saiatzea eta hobeto prestatzea dut helburu.

Zein aizkolari duzu gustuko edo erreferente?

Olasagasti miresten dut. Edade horrekin gizonak duen indarra eta gaitasuna izugarriak dira.

Zer osasun du aizkorak?

Aizkora orain baino askoz ere okerrago egon da. Duela bost urte esaten zen aizkora gastatzen ari zela, baina kimu berriak bagatoz. Aurten, lehen mailako finala jokatu dugunetatik bat kenduta, gainontzeko bostak gazteak ginen, eta geure artean giro ona dugu. Txapelketetan jasotzen dugun dietaren %40 jaitsi ziguten duela hiru bat urte, eta lehen mailako aizkolariak elkartzekoak gara, portzentaje hori jaisteko eskatzeko. Aizkorazaleari dagokionez, batez ere, adineko jendea da; gazteak ez du aizkorarako zerarik. Otañok eta biok apustua egin genuenean, askok esan zidaten sarrera 30 euro kobratzea esajerazioa zela. Eta orduan esaten diezu: "Futbol partida bat ez duzu 30 eurotan ikusterik". Baina futbola futbola dela erantzuten dizute. Bilboko Miribillan jokatu zen lehen mailako finalerako sarrera 20 euro zen, eta azken finean, puntako aizkolariak dira, profesionalak.