16 bikotek hartuko dute parte Santo Tomas eguneko gaztetxoen Dantza Suelto Txapelketan

Uztarria.eus 2016ko abe. 16a, 18:13
Iazko txapelketan, bikote guztiak elkarrekin dantzan.

Hamaseigarren edizioa beteko du lehiaketak eta Sanagustin kulturgunean izango da, 18:00etan hasita. Sei herritako dantzariak igoko dira oholtzara eta Azpeitiak izango du ordezkaritzarik zabalena, zazpi bikoterekin.

Hamaseigarren urtez jarraian, Dantza Suelto Txapelketa izango da Azpeitiko santotomasetako festa egitarauaren osagarrietako bat. Datorren asteazkenean, abenduak 21, 16 bikote lehiatuko dira Sanagustin kulturgunean, 18:00etatik aurrera.

Gazte mailako txapelketa izango da aurtengoa ere: izena eman dutenen artean, lehiakide gazteenak 8 urte ditu, eta zaharrenak 15. Sei herritako bikoteak igoko dira Sanagustingo oholtzara eta, azken urteetan ohikoa denez, ordezkaritzarik zabalena Azpeitiak izango du, zazpi bikoterekin. Azkoititik, Errezildik, Orexatik, Tolosatik eta Lezotik etorriko dira gainerako bederatzi bikoteak. Azpeitiko bikoteak, Errezil ordezkatuko duten biak bezala, txapelketaren antolaketaz arduratzen den Luis Alberdi Beltza-ren eskolakoak dira.

Aurten ere, bina pieza dantzatuko dituzte parte-hartzaileek, fandango bat eta arin-arin bat. Nobedade bezala, ordea, aurten fandangoa trikitilariek joko dute, eta txistulariek arin-arina; aurrekoetan alderantziz egin izan dute, fandangoa txistulariekin eta arin-arina soinuarekin. Aitor Uzkudun eta Julen Berrondo izango dira aurten trikitia eta panderoa joko dituztenak; txistulariei dagokien pieza, urtero legez, Izarraitz Txistulari Taldekoek joko dute.

Sariak

Euskal Dantzari Biltzarreko hiru kidek osatuko dute epaimahaia eta aurkezle lanetan, berriz, Josune Zabala ariko da.

Aurreneko bost bikoteek osatuko dute txapelketaren sailkapena; seigarrenetik atzerakoek, denek sari berdina jasoko dute. Horiez gain, neska eta mutil onenentzako sariak ere emango dituzte. Sariei dagokienez, bikote irabazleak 200 euro, garaikurra, zapia eta txapela jasoko ditu; bigarrenak, 190 euro eta garaikurra; hirugarrenak, 170 euro eta garaikurra; laugarrenak, 150 euro eta garaikurra; bosgarrenak, 140 euro eta garaikurra; eta seigarrenetik hamaseigarrenera bitartekoek, 100 euro.