2017ko Kultur Bonoa salgai jarri dute dagoeneko Sanagustinen

Uztarria.eus 2016ko abe. 15a, 17:57
Ezkerretik eskubira, Xabier Aranbarri, Josu Labaka, Ainara LarraƱaga zinegotzia eta Kepa Urbieta, 2017ko Kultur Bonoak eskuetan dituztela.

Kulturaz Kooperatibak, Udalarekin elkarlanean, bosgarren urtez jarraian atera du "kultura herritar guztien eskura" jartzeko tresna. Zortzi kontzertutarako sarrerak eta beste hainbat ikuskizun erdi-prezioan izango dituzte bonoa erosten dutenek. 60 eurokoa da prezio orokorra eta 30 euro ordainduta lor dezakete bonoa, berriz, jubilatuek, langabetuek eta gazte edota ikasle txartela dutenek.

Azpeitian kultura eta bereziki euskal kultura sustatzeko helburuarekin hasi zen lanean, Sanagustin kulturgunearen bueltan, gaur egun Kulturaz Kooperatiba dena. Baina Xabier Aranbarri kulturguneko kudeatzaileak esan bezala, "kulturari balioa ematea" da duten beste helburu nagusietakoa. Helburu hori gauzatzeko tresna gisa sortu zuten, 2013an, Azpeitiko Kultur Bonoa. Harrezkero, urtero atera dute bonoa eta 2017koa ere, bosgarrena, prest dute. Sanagustin kulturgunean eros daiteke dagoeneko.

"Azpeitian jendea ohitu gabe zegoen kultur ekitaldietara joateagatik ordaintzera. Progresibotasun bat eman nahi izan genion kulturari balioa ematearen ideiari. Poliki-poliki hasi ginen, egitasmo berdinak beste lekuetan baino merketxoago ipiniz; egia da, era berean, krisi garaian tokatu ginela. Progresibotasun horretan, geuk ere gure alea jartzea erabaki genuen Kultur Bonoarekin, deskontuen bidez", azaldu zuen Aranbarrik bono berriaren aurkezpenean. Izan ere, 60 eurokoa da prezio orokorra, baina 30 euro ordainduta lor dezakete bonoa jubilatuek, langabetuek eta gazte edota ikasle txartela dutenek.

"Bost urte izan dira eta emaitzak oso-oso onak" izan direla dio Aranbarrik. Lehenengo urtean pixkat gehiago kostatu bazitzaien ere, ondorengo hiruretan "agortu" egin zaizkie bonoak, "eta gero eta azkarrago agortzen dira". Ez dute kopuru zehatz bat ateratzen, baina orain arte 150 eta 200 artean saldu izan dituzte eta 2017koarekin ere antzera ibiliko direla aurreikusi dute. Antzera ibiltzea aurreikusten dute, aldi berean, kultur ekitaldien eskaintzari dagokionez, bai kopuru aldetik zein programazioaren orekari dagokionez.

Bonoaren eskaintza eta baldintzak

Zortzi kontzertu doan, antzerki edo dantza ikuskizunak %50eko deskontuarekin, jaialdiak eta topaketak erdi prezioan, eta umeentzako ikuskizunetarako haur eta guraso banaren doako sarrera dira 2017an ere Kultur Bonoak eskainiko dituenak.

Norbanako bakoitzak txartel bat izango du, gehienez, baina bonoak transferibleak dira; numeratuta daude, eta zenbaki bakoitzaren erabilera kopurua da kontuan hartzen dena. Ekitaldien kontsumoa agortuz gero beste bat eros daiteke, aurretik ez. 

Kultur eskaintza "ikaragarria"

"Behar bati erantzuten dio" eta "kultura herritar guztien eskura" jartzearen helburua ere betetzen du Kultur Bonoak, Josu Labaka Udaleko Kultura batzordeburuakk aurkezpenean nabarmendu zuenez. Horregatik, "Kulturaz Kooperatibak egiten duen ahalegina eskertu" zuen zinegotziak. Bonoaren egitasmoa gauzatzeko Udalak eta Kulturazen duten elkarlana "Azpeitiko kultur politikaren marka bihurtu" den elkarlanaren beste adibide bat dela esan zuen Labakak, zeinari esker "urrats handiagoak eta proiektu potoloagoak lortzeko gai izaten ari garen". Kultur mugimendua eta kultura "Azpeitiko ekonomia sustatzeko elementu garrantzitsu bilakatzea lortu" dutela gaineratu zuen Kultura batzordeburuak, eta hori "lorpen handi bat" dela.

"Azpeitian azken urteetan kultur eskaintza asko handitu" dela esan zuen Kepa Urbieta Kulturazeko kideak, eta Kultur Bonoarekin eskaintza horren "kontsumoa errazteko abantailak" eskaini nahi zaizkiela herritarrei. Kultur eskaintza hori "dimentsionatzeko" datuak eman zituen Xabier Aranbarrik: Udalaren, Kulturazen eta Kultur Mahaiaren bueltan ari diren talde eta eragileen elkarlanaren fruitu gisa antolatutako 180 kultur ekitaldirekin itxiko da 2016a, guztira 35.000 ikus-entzuletik gora batuz. "Ikaragarria da", zioen Aranbarrik, "baina, gainera, ekitaldi kopurua eta ikus-entzuleena proportzio berean hazten ari dira. Eta, hori, aipatutako elkarlan horretatik kanpo antolatzen diren ekitaldiak sartu gabe". Kulturguneko kudeatzaileak aipatu zuenez, Euskal Behatokiaren arabera, kopuru horiek 80.000 biztanle inguruko herri bati dagozkio, baina 14.500en bueltan dabilen Azpeitiak ematen ditu

Willis Drumond, Los Chichos, Zea Mays, Gatibu... eta askoz gehiago

Datorren urterako momentuz lotuta dituzten emanaldi batzuen berri eman zuten Kulturazekoek, bonoa aurkeztearekin bat. Kontzertuei dagokienez, maiatza bitartean besteak beste Willis Drumond, Niña Coyote eta Chico Tornado, Los Chichos, Hesian, Zea Mays, Gatibu eta Oskarbi etorriko dira Azpeitira. Antzerkiari dagokionez, lehen hiruhilekoan Jainko BasatiaMalmo eta Idiot show obrak taularatuko dituzte Soreasu antzokian. Eta umeentzako ikuskizunak ere izango dira, Txiki Biran egitasmoaren barruan. Urtarrilean, esaterako, Ene Kantaken Astonauta ikuskizunaz gozatu ahal izango da. Arte eszenikoek ere izango dute plaza Azpeitian.