Gabon egunean Jaiotzarekin kantuan atera nahi dutenentzat entsegua prestatu dute

Uztarria.eus 2016ko abe. 15a, 17:19
2015eko Jaiotza, Perez Arregin kantuan.

Astelehenean, abenduak 19, jarri du hitzordua Julian Barrenetxea Abesbatzak, Soreasun Bandarekin konpartitzen duen lokalean, 21:00etan. Aurten ohi baino goizago aterako da kalera Jaiotza, 17:00etan, eta Olentzerori eta Mari Domingiri plazan egingo zaien harreran ere hartuko du parte. Eskean jasotako dirua, aurrekoetan bezala, herriko Caritasentzat izango da.

Astelehenean, abenduak 19, egingo dute Gabon egunean Jaiotzarekin kantuan aterako direnentzako entsegu orokorra. Julian Barrenetxea Abesbatzak eta Udal Musika Bandak Soreasu kulturgunean duten lokalean izango da, 21:00etan. Barrenetxeakoek "gonbidapen zabala" egin nahi dute entsegurako, abenduaren 24ko kantu eskean "parte hartu nahi duten herritar guztiei" zuzenduta, Julian Barrenetxea eta Parrokiko abesbatzekin batera Caritasen alde izango den eskean ateratzera animatu daitezen.

Aurten, goiztiarrago

Gabon eguneko iluntzean atera ohi da Jaiotza kalez kale kantuan. Aurten, ordea, aurreratu egin dute kalejiraren hasiera. Horrela, 17:00etan abiatuko dira Perez Arregi plazatik. Erdikalean gora eginez, 17:30erako plazan izango da Jaiotza, han Olentzerori eta Mari Domingiri egingo zaien harreran parte hartzeko.

Handik kalez kale jarraituko dute, honako ibilbidearekin: Olazko Andre Mariaren plaza, Goikokaleko plazatxoa, Plaza Txikia, Erdikalea eta, hasitako tokian bukatuz, Perez Arregi plaza.