San Silbestre herri lasterketan parte hartzeko zabalik da izen-ematea

Uztarria.eus 2016ko abe. 15a, 10:48
Azpeitiko Udaleko Kirol batzordeburu Estitxu Elduaien, Xeye atletismo taldeko Egoitz Arruti, 'Hitza'-ko ordezkari Ihintza Elustondo eta Xeye atletismo taldeko Aitor Zubillaga.

Abenduaren 31n jokatuko da San Silbestre lasterketa, eta proba nagusiak sei kilometroko ibilbidea izango du, 12:00etan hasita. Dagoeneko izen-ematea zabalik da.

Hilaren azkenean kirol pixka bat eginez urteari adio esatea baino plan hoberik ez da. Usadioari jarraituz, hamaseigarren urtez jarraian, aurtengoan ere San Silbestre herri lasterketa izango da herrian, Urte Zahar egunean, Xeye Atletismo taldeak antolatuta, Urola Kostako Hitzaren laguntzarekin eta Azpeitiko Udalaren babesarekin. Lasterketa nagusia 12:00etan hasiko da, eta sei kilometroko ibilbidea izango du. Aurretik, berriz, hainbat proba izango dira, kategoriaka banatuta, 10:00etatik aurrera.   

Iaz bezala, aurten ere lasterketa irekia eta inklusiboa antolatu dute Xeyek eta Txolartek. 400 metroko ibilbidea izango du, eta 10:45ean hasiko da. Xeye taldeko kide Egoitz Arrutik adierazi duenez, "edozeinek egiteko neurrikoa eta bakoitzak bere martxan egitekoa da". 

Herri lasterketan parte hartzeko izen ematea zabalik da dagoeneko. Proba nagusirako izena Kirolprobak.com atarian eman behar da, zortzi euro ordainduta, abenduaren 30era bitartean. Patinatzaileen proban parte hartzeko ere egun hori baino lehenago eman behar da izena, webgune berean, hamar euroren trukean. Patinatzaileek kaskoa eta babesak eraman beharko dituzte parte hartu ahal izateko. Egunean bertan ere eman ahalko da izena lasterketa nagusian irteteko, beti ere dortsalak sobratuz gero. Plazan eman beharko da izena, 11:00ak bitartean, hamabost euro ordainduta. 100 lagunek hartu ahalko dute parte patinatzaileen proban, eta 900 korrikalarik lasterketa nagusian. Eskolarteko probak eta lasterketa irekia, berriz, debalde izango dira. Kasu horietan, egunean bertan eman beharko da izena, lasteketa aurretik, plazan. 

Lasterketa nagusian aurrenak helmugaratzen diren hiru gizonek eta hiru emakumeek sariak jasoko dituzte, eta kategoria bakoitzeko lehenbizikoak ere bai. Sari horiez gain, partaide guztien artean 300 zozketa baino gehiago egingo dituzte: urdaiazpikoak, ardo botilak, sagardo botilak, otartekoak, kirola egiteko materiala... Era berean, parte hartzaile guztiek elastiko bana jasoko dute. Izarraitz pilotalekuko aldagelak zabalik izango dira aldatu edo dutxatu nahi duenarentzat. 

Antolatzaileek herritarrak animatu dituzte lasterketan parte hartzera, urtea bukatzeko modu "polita" izateaz gain, "pixka bat korrikan ibilitzen den edonork egiteko moduko proba" delako. 

Hau da abenduaren 31ko lasterketen programa:

10:00. Benjamin neskak: 700 metro.

10:05. Benjamin mutilak: 700 metro.

10:10. Alebin neskak: 1.300 metro.

10:20. Alebin mutilak: 1.300 metro.

10:30. Infantil neska-mutilak: 1.900 metro.

10:45. Lasterketa irekia eta inklusiboa, Txolartekoekin batera antolatuta: 400 metro.

11:15. Patinatzaileen lasterketa, plazatik irtenda.

12:00. Lasterketa nagusia: 6.000 metro.