20 milioiko aurrekontua onartu du Udalak 2017rako, aho batez

Uztarria.eus 2016ko abe. 14a, 20:19

Aurrekontu bateratua, Euskara eta Kirol patronatuak eta Azpeitia Berritzen barne hartzen dituena, %5 haziko da, horrenbestez. Udalaren aurrekontu propioa, berriz, 18.564.182,95 eurokoa izango da. Sarreretan aurreikusten dituzten igoerak -batik bat Foru Aldunditik- eta "Udalaren altxortegiaren egoera ona" dira aurrekontuaren igoera ahalbidetu dutenak, udal gobernuak azaldu duenez.

Azpeitiko Udalak atzo, asteartea, onartu zituen 2017rako aurrekontuak. Urteko azken ohiko udalbatzarrean, udal gobernuan dagoen EH Bilduk eta oposizioan dagoen EAJk aho batez onartu zituzten datorren urterako kontuak. Iazkoaren ildotik, aurten ere igoera aipagarria izan dute datorren urterako onartutako aurrekontuek. 20.031.082,95 eurokoa da 2017rako onartu duten aurrekontu bateratua; Udalarenak, Euskara eta Kirol patronatuenak eta Azpeitia Berritzenenak osatzen dute aurrekontu bateratua. Amaitzear den 2016. urtekoarekin alderatuta %5 haziko da, horrenbestez, 2017ko aurrekontu bateratua. Udalaren aurrekontu propioa, berriz, 18.564.182,95 eurokoa izango da 2017an.

Sarreretan aurreikusten dituzten igoerak -batik bat Foru Aldunditik- eta "Udalaren altxortegiaren egoera ona" dira aurrekontuaren igoera ahalbidetu dutenak, udal gobernuak azaldu duenez. "Krisi garaian hartutako neurri eraginkorren ondorioz, egoerari buelta ematea lortu dugu", esan du gaur Estitxu Elduaien zinegotziak. 2011n 5.800.000 eurokoa zen altxortegiko gerakina edo remanentea, eta 2015ean 13.481.000 eurokoa. Zorra ere gutxitu du Udalak: "2011n 8.600.000 euroko zorra zuen udalak eta, 2016an, 3.254.000 eurokoa da".

"Lehentasuna herritarrengan jarrita"

"Lehentasuna herritarrengan jarrita" egindako aurrekontuak osatu dituztela nabarmendu zuen Eneko Etxeberria alkateak udalbatzarrean, eta Ekonomia, Enplegua eta Formazioa saila -"%10etik gorako igoerarekin"- eta Gizartekintzaren aurrekontuak -%7 egin du gora- aipatu zituen horren erakusle gisa, "igoera nabarmenak" izango dituztela azpimarratuz. Ekonomia, Enplegua eta Formazioa sailaren barruan kokatu dituzte, biak diruz indartuta, sustapen ekonomikorako plana eta alokairua laguntzekoa. "Bai batak eta bai besteak oso ondo funtzionatu" dutela esan zuen Etxeberriak aipatutako bi planez, "aurten egin diren eskaera guztiei aurre egiteko dirurik ez da egon eta horrek esan nahi du diru gehiago jarri behar dugula horiek sustatzeko. Uste dugu krisia ez dagoela gaindituta, langabezia tasak orain dela hiru urte baino hobeak izan arren. Enpleguen kalitateak kezkatzen gaitu eta erronka horri aurre egiten dio sustapen ekonomikorako planak". Gizarte Zerbitzuen bidez banatzen den hainbat laguntzaz gain, formazioari lotutako zenbait egitasmo ere hor gehitu dituzte datorren urterako. "Bai batean eta bai bestean, Ekonomian eta Gizartekintzan, milioitik gorako inbertsioak aurreikusten dira", azaldu zuen alkateak. Ekonomia, Enplegua eta Formazioa sailak orain arte Industria, Merkataritza eta Turismoa zenaren lekua hartu du Udalaren barne-egituraketan.

Aurten aurrekontuak aho batez onartu izana ere nabarmentzekoa dela deritzo Eneko Etxeberriak. "Horrek esan nahi du planteatzen diren aurrekontuak herritarrentzat onak direla", alkatearen esanetan, eta "gehiengo osoa eduki arren, udal gobernu honek baduela gaitasuna akordioetara iristeko, pakto transbertsalak egiteko. Eta uste dut hori gure herriarentzat oso ona dela".

EAJren "aldeko boto kritikoa"

2017ko udal aurrekontuei EAJk "aldeko boto kritikoa" emango ziela aurreratu zuen Aitor Gorrotxategi bozeramaileak udalbatzarraren bezperan, eta horrela berretsi zuen atzo. Soldatak eta ohiko gastuak tarteko "aurrekontuen %90 lotuta" egoten dela kontuan hartuta, gelditzen den %10 hori zer inbertsiotara bideratu erabakitzera "mugatu" beharrean, "filosofia aldaketa" aldarrikatu zuen Gorrotxategik. Besteak beste Plan Estrategikoa oinarri hartuta, "tiratzen hasi gintezkeen gaiak" badaudela esan zuen, gune degradatuak berreskuratzeko pausoak ematen hasteko. Bide horretan "lankidetzarako prest" azaldu zen jeltzaleen bozeramailea. Aurrekontuak osatzeko parte-hartze prozesuari dagokionez, gaur egun herritarrek kanalak "urte osoan irekita" dituztela eta "Denon Artean-ekin jarraitu behar al den ala ez" berplanteatzea planteatu zuen. "Ikusi dugu gauza batzuek oso ondo funtzionatu dutela eta beste batzuek hain ondo ez. Orduan, ondo funtzionatu dutenei heldu eta besteei buelta bat ematea". Azkenik, udal diru-laguntzak jasotzen dituzten "entitateen kontrol zorrotza" aldarrikatu zuen Gorrotxategik.

Azpeitiko Udalaren 2017ko aurrekontuak

Azpeitiko Udalaren 2016ko aurrekontu orokorra: 20.031.082,95 euro (2016an 19.233.516,72 euro).

Udalaren aurrekontu propioa: 18.564.182,95 euro (2016an 18.154.684,72 euro).

Euskara Patronatua: 587.526,35 euro (2016an 580.700,02 euro).

Kirol Patronatua: 1.365.007,89 euro (2016an 1.192.726,94 euro).

Azpeitia Berritzen: 447.400,00 euro (2016an 242.832 euro).

 

Udalaren 2017ko aurrekontua, sailez sail:

  • Ogasuna eta Kontuak: 748.548,14 euro.
  • Hirigintza eta Ingurumena: 3.053.621,24 euro.
  • Hezkuntza eta Euskara: 776.706,35 euro.
  • Kultura eta Gazteria: 832.500,00 euro.
  • Kirolak: 847.007,89 euro.
  • Gizartekintza: 1.044.400,00 euro.
  • Langileria eta antolakuntza: 5.517.154,23 euro.
  • Festak: 495.000,00 euro.
  • Zerbitzu Orokorrak: 3.569.823,72 euro.
  • Alkatetza: 218.000,00 euro.
  • Ekonomia, Enplegua eta Formazioa: 1.069.021,38 euro.
  • Parekidetasuna: 143.900,00 euro.
  • Baserriak: 248.500,00 euro.

Aurreikusitako inbertsioak

Hauek dira 2017ko aurrekontuetan Udalak aurreikusita dituen inbertsio eta proiektu nabarmenetako batzuk:

  • Igerilekuaren zati zaharrena berritzea, energia eraginkortasuna lehenetsiko duen proiektuaren batean.
  • Hondakinen bilketarako sistema berria.
  • San Martin estratako lanak.
  • Urrestillarako bidegorriaren proiektuan Udalari dagokion zatia gauzatzea.
  • Esklaben eta Ikasberriren arteko lurretan parke berria egitea.
  • Betharrameko eraikinaren berritze lanak.
  • Azpeitiko Ikastola Ikasberriko eta Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko (Euskal Herria kalekoa) jolastokiak berritzea.
  • Alberdienean eraikiko den lur azpiko aparkalekuko lehen solairua erabilera publikorako bideratzea, bere garaian plazan zeuden aparkalekuen ordezko gisa.
  • Basazabal jauregia eraberritu eta egokitzeko lanak: goiko solairua formazio beharretarako bideratuko dute, eta behekoa turismorako baliabide gisa.