Gaur amaituko da gaztetxoentzat 'Master Chef' ikastaroan izena emateko epea

Uztarria.eus 2016ko abe. 13a, 10:16

Ostiralean egingo dute sukaldaritza saioa, Sanjuandegiko Jose Antonio Agirre plazan. Egitasmoa HH 5 eta LH 6 bitarteko haurrei eta beren gurasoei dago zuzenduta. Izena emateko orriak ikastetxeetan zein Gazte Informazio Bulegoan (GIBan) eskuratu daitezke.

Datorren asteburuan, abenduaren 16an eta 17an, Sanjuandegiko Azoka Herritik izango da. Egun horietarako prestatu duten egitarauaren barruan hainbat egitasmo prestatu ditu Gazteria Sailak gaztetxoentzat. Hala, ostiralean, ikasturteko laugarren Plazatarrak saioa egingo dute Sanjuandegin, Master Chef sukaldaritza ikastaroa, hain zuzen. Bertan parte hartzeko izen-emate epea gaur, asteartea, amaituko da.

Jose Antonio Agirre plazan egingo dute Master Chef, 17:30etik 19:30era bitartean. Egitasmoa HH 5 eta LH 6 bitarteko haurrei eta beren gurasoei dago zuzenduta. Ekintzan parte hartzeko ezinbestekoa da lau umeko heldu batek izena ematea eta egunean bertan ekintzan parte hartzea. Izen-emate orriak ikastetxeetan edo Azpeitiko GIBan eskurartu daitezke. 

Bestalde, ostiralean bertan, 3-4 urte bitarteko haurrentzat ipuin kontaketa izango da Txiki Txoko ludotekan, 18:00etatik aurrera.

Musika instrumentuen tailerra 

Sukaldaritza ikastaroaz gain, musika instrumentuen tailerra antolatu du Gazteria Sailak zapaturako, hilaren 17rako. Ekintza hori HH 4 eta LH 6 bitarteko haurrei zuzenduta dago, baina HH 4ko haurrek tailerrean parte hartzeko heldu batekin joan beharko dute. Bihar, asteazkena, amaituko da instrumentuen tailerrean izena emateko epea. Izen-emate orriak ikastetxeetan edo Azpeitiko GIBan eskurartu daitezke. Egitasmoa 11:30etik aurrera egingo dute Txiki Txoko ludotekan.