Angel Otaegiren senideen kereila ez du tramiterako ere onartu Azpeitiko Epaitegiak

Uztarria.eus 2016ko abe. 10a, 11:16
Eneko Etxeberria, Mertxe Urtuzaga eta Mikel Elorza atzo, Nuarben. (Nerea Uranga/Hitza).

Bi izan dira epaitegiaren argudioak: gertaerak preskribatuta daudela eta Amnistiaren Legea indarrean dagoenez gertakariak ezin direla ikertu. Otaegiren senideak ez daude ados Azpeitiko Epaitegiaren erabakiarekin eta Gipuzkoako Auzitegian helegitea jarriko dute.

Irailaren 27an, Francoren erregimenak Angel Otaegi hil zuela 41 urte bete zirenean, Otaegiren senideek kereila kriminala jarri zuten Azpeitiko Epaitegian haren hilketaren erantzuleak zeintzuk diren argitzeko eta horiei ardurak eta erantzunkizunak eskatzeko. Baina Azpeitiko epaitegiak helegitea ez du tramitera ere onartu. Atzo, ostirala, eman zuten horren berri Mertxe Urtuzaga Otaegiren senideak, Mikel Elorza abokatuak eta Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak, Nuarben.

Mikel Elorzak azaldu zuenez, tramitera ez onartzeko bi arrazoi eman ditu Azpeitiko epaitegiak: gertakizunak orain dela 41 urte pasatu zirenez preskribatuta daudela eta 1977ko Amnistiaren Legea oraindik indarrean dagoela, eta lege horren arabera gertakari haiek ezin direla ikertu. Abokatuak azaldu zuenez, "atea itxiko zigutenaren aukera aurreikusten genuen, baina uste genuen bestelako motibo formalak azalduko zituztela. Beharbada Burgosko epaitegi bati zegokiola edo horrelako konturen bat. Baina ez, kasu honetan, Espainiako auzitegiek erabiltzen dituzten bi arrazoi eman ditu Azpeitiko Epaitegiak".

Helegitea Gipuzkoako Auzitegian

Angel Otaegiren senideak ez daude ados Azpeitiko Epaitegiaren erabakiarekin eta Gipuzkoako Auzitegian helegitea jarriko dutela aurreratu zuten. Mertxe Urtuzagak adierazi zuenez, "ahanztura nahi dute Angelentzat, ahaztua izan dadila, horregatik ez gaituzte babesten. Guk, ordea, ez dugu ahazten eta ez dugu ahazterik nahi, eta gure bitarteko denekin gure Angel ahaztua ez izaten saiatuko gara".

Helegitea Gipuzkoako Auzitegian jarrita ere "itxaropen handirik ez" dutela esan dute Otaegiren senideek, eta Eneko Etxeberria alkateak adierazi zuen helegiteaz auzitegiak zer erabakitzen duen zain egon beharko dutela.

Angel Otaegiren senideek hala nahiko balute, Argentinara jotzeko aukera ere ez dute baztertu. Azpeitiko alkateak esan zuenez, "Azpeitiko Udalak hala erabaki zuen aho batez udalbatzar batean. Biktima guztiak aitortu nahi ditugu, sinesten dugulako biktima guztiek dutela errekonozimendua eta justizia izateko eskubidea. Tristea da Angelen senideek egia jakiteko eskubiderik ere ez izatea. Berehala artxibatzea ez da justizia, eta injustizia honek ez irauteko behar diren baliabideak jarriko ditugu".