June Urain eta Mikel Martinez, berriro disdira egiteko prest

Uztarria.eus 2016ko abe. 7a, 19:50
June Urain eta Mikel Martinez, musikal berriaren elastikoak soinean eta Soreasuko emanaldirako atera duten kartela eskuetan.

Shine Again antzerki musikala ikusteko aukera izango da zapatuan, 17:00etatik aurrera, Soreasu antzokian. Azkoitian, azkoitiarrek eta nagusiki azkoitiarrekin osatutako proiektuan bi azpeitiar ere ari dira. Bizitzen ari diren esperientziaz eta Azpeitiko emanaldiaz espero dutenaz hitz egin dute Uztarriarekin.

June Urain (2000) eta Mikel Martinez (2001) dira Azkoitian sortutako Rise and Shine eta Shine Again antzerki musikaletako bi azpeitiarrak. Dantza eta kantu lehiaketa batera aurkezten ziren bi gazte talderen arteko lehia kontatzen zuen Rise and Shine obrak, eta hari berari tiraka sortu dute bigarren lana ere Xabier Barquero eta Kari Alberdi azkoitiarrek.

2015eko otsailean etorri ziren Soreasura Rise and Shine ematera; eta zapatu honetan, abenduak 10, Shine Again-ekin igoko dira berriro Azpeitiko antzokiko oholtzara Urain eta Martinez, ia 30 laguneko taldearen barruan, bigarren aldiz herritarren aurrean disdira egiteko prest. 17:00etan hasiko da ikuskizuna.

Rise and Shine izan zen aurrena eta orain Shine Again-ekin zatozte. Istorio beraren jarraipena al da?

June Urain: Bai, bada jarraipena. Baina lehenengoa ikusi ez baduzu ere, berdin-berdin jarraitu daiteke istorioa. Aurrekoari erreferentzia egiten dioten pare bat ateraldi daude, baina gehiago ez.

Nola iritsi zineten proiektu honetara?

JU: Lehenengorako casting bat egin zuten. Antzerkiko irakasleak abisua pasatu zigun ikasleoi. Aurkeztu egin nintzen eta onartu egin ninduten.

Mikel Martinez: Ni ere casting hartatik sartu nintzen, baina nire kasuan ikastolan jarri zuten ohar baten bidez izan nuen haren berri.

Noiztik ari zarete lanean Shine Again-ekin?

MM: 2015eko maiatzean egin genuen Rise and Shine-en azken emanaldia, Azkoitian, eta iazko udan bertan aurkeztu ziguten proiektu berria.

JU: Denok geunden gustura, eta lan berriarekin jarraitzea erabaki genuen. Ikusleen aldetik ere antzematen zen bazegoela gogoa, bigarrena eskatzen ziguten.

Aktoreak, dantzariak eta abeslariak igotzen zarete oholtzara. Zuei zer lan egokitu zaizue?

MM: Nik dantzatu eta kantatu egiten dut, eta aktore lana ere egiten dut.

JU: Nik aktore lana egiten dut, nahikoa paper zaila tokatu zait. Dantza, berriz, bukaeran denok batera egiten duguna bakarrik. Badaude batzuk dantza bakarrik egiten dutenak, beste batzuk dantza eta kantatu; eta beste batzuk, Mikel bezala, denetarik egiten dutenak.

Zer paper jokatzen dituzue ikuskizun berrian?

MM: Ni Junerena ez beste taldeko kideetako bat naiz, Mikel izenekoa. Bost mutil gara eta horietako bat naiz ni.

JU: Aurreneko musikalean bi andereño ginen, baina andereñoetako batek laga beharra izan du eta, orduan, dena nire menpe gelditzen da. Irakaslea naiz, beraz, eta egundoko jenio txarra daukat; beti nago umore txarrean, beti errietan eta builaka...

MM: Eta gu bera agoantatzen ibili behar gara!

Zer moduzko esperientzia ari da izaten antzerki musikal hauetan aritzea?

MM: Orain dela hiruzpalau urte hasi ginen eta familia bat gara, zapaturo elkartzen gara entseatzeko. Esperientzia oso ona ari da izaten, bai antzerkiari dagokionez eta bai oro har.

JU: Azkenean, uste dut pertsona bezala ere hazi egiten garela. Lagunak egiten dituzu eta, Mikelek esan duen bezala, familia bat bezala gara.

Aurreko asteburuan Azkoitian eman zenuten Shine Again. Zer moduz?

MM: Maiatzean estreinatu genuen lana, Donostiako Antzoki Zaharrean, eta Azkoitikoa izan da bigarren emanaldia.

JU: Donostian Gazteen Antzerki Topaketaren barruan egin genuen. Rise and Shine ere eman genuen han eta eszenografia onenaren saria eman ziguten. Shine Again-ekin ere eman digute saria, talde handi baten koordinazio onenarena. Azkoitikoa, berriz, egundokoa izan da. Sarrera guztiak agortu ziren astearterako, joan nahi eta sarrerarik gabe gelditu zen jendea.

Azpeitian zapatuan duzue zita. 2015ean gainezka egon zen Soreasu. Zer espero duzue oraingoan?

JU: Ikusiko dugu. Zubia tokatu da, Azkoitian eman eta astebetera bakarrik egingo dugu hemengoa... Gu ari gara 'gerra' ematen sare sozialetan eta, ea jendea animatzen den. Aurrekoa izugarria izan zen, Soreasu bete-bete eginda.

Luzatu gonbita hemendik ere: zer topatuko dute Shine Again ikustera joaten direnek?

JU: Izugarrizko show-a da. Dantzak, kantuak, istorioa ere entretenigarria da...

MM: Ikusgarria da eta eramanerraza ere bai.