'AzpeitHika' ikasleen kartel erakusketa zapatura arte ikus daiteke Sanagustinen

Uztarria.eus 2016ko abe. 7a, 17:47

Azpeitian hitanoaren erabilera eta haren arauak nola bizi dituzten landu dute herriko ikastetxe guztietan 10 urteko gaztetxoek. Lanaren emaitzetako batzuk, ikasleek eginiko kartelak, erakusgai dira joan den abenduaren 3tik Sanagustin kulturgunean, baita hitanoak Azpeitiko kaleetan duen presentziari buruzko hainbat datu ere. Erakusketa zapatuan, abenduak 10, bukatuko da.

2011z geroztik ari dira lantzen hitanoa Azpeitiko ikastetxeetan, Soziolinguistika Klusterrarekin batera; 2011tik 2013ra DBHn landu zuten, eta 2014tik hona Lehen Hezkuntzan ari dira. Azpeitiko euskara eta hitanoaren erabilera abiapuntu hartuta, "materialgintzan saiakera berezi bat egin" dela azpimarratu dute egitasmoaren sustatzaile eta erakusketaren antolatzaileek, "helburu lorgarriak proposatzen eta, maila berean, jarduerak izan daitezen herrira egokituak, ikasleen ezagutzetatik gertukoak eta parte-hartzea bultzatzen dutenak. Lehen Hezkuntzako 5. mailakoek egindako lanaren emaitza da, hala, kartel erakusketa hau". Udalak eskatuta Soziolinguistika Klusterrak aurten Azpeitian euskararen kale erabilera neurtzeko egin duen lanean ere, lehen aldiz hitanoaren erabilera neurtu dute, "Azpeitiak horretarako baldintzak" betetzen dituelako.