Albiste onik ez asteburuan Iraurgi Saskibaloiko talde nagusientzat

Uztarria.eus 2016ko abe. 6a, 18:29
Valladolid-Sammic neurketaren irudi bat. (ISB)

Añares Riojak 59-46 galdu zuen Avilesen eta Sammic ere porrotarekin itzuli zen Valladolidetik, 68-57. Bihar, 20:00etan, Zilarrezko LEB ligako taldeak Avilaren kontra jokatuko du kiroldegian.

Emaitza txarrak utzi ditu saskibaloiko azken jardunaldiak Iraurgiko talde nagusientzat. Biek jokatu zuten etxetik kanpo eta biek galdu zituzten partidak, LF2 ligan Añares Riojak Avilesen (59-46) eta Zilarrezko LEB ligan Sammicek Valladoliden (68-57).

Ez zen fin ibili emakumeen talde nagusia Asturiasen eta etxekoek ez zuten aukera galdu. Añares Rioja ISBk nahikoa ondo ekin zion neurketari eta atsedenaldian aurretik ziren markagailuan Xabier Chicorenak. Hortik aurrera, ordea, oso bestelakoa izan zen kontua. Hirugarren laurdenean 24-15 partziala lortu zuten Avilesekoek; eta azken laurdenean, berriz, ia 7 minutu igaro zituen Añaresek punturik sartu gabe.

Valladoliden, Sammic ISBk etxetik kanpo jarraian jokatu beharreko bigarren partidari egin zion aurre eta, aurrekoan bezala (Zornotzan, 60-57), galtzaile atera ziren Iker Buenoren gizonak. Azpeitiarrak gogor hasi arren, Comercial Ulsak partidari buelta ematea lortu zuen. Bigarren eta hirugarren laurdenak ondo jokatu zituen Sammicek eta lehian sartu zen berriro, partida berdintzea lortuz. Azken laurdenean, ordea, Valladolidekoek jaurtiketa ia guztiak saskiratu zituzten eta Iraurgikoek ezin izan zuten eutsi.

Sammic-Avila, bihar kiroldegian

Hurrengo hiru partidak etxean jokatuko ditu Sammicek eta azken asteetan galdutakoak berreskuratzeko aukera paregabea izango du, berriro sailkapeneko lehen postuetara itzultzeko.

Aipatu hiru partidetako lehenengoa bihar, asteazkena, jokatuko du Iker Buenoren taldeak. 20:00etatik aurrera, Avilaren kontra ariko dira Iraurgikoak kiroldegian. Zilarrezko LEB ligako oilarretako bati egingo dio aurre, horrenbestez: zortzi garaipen eta hiru porrotekin, sailkapeneko bigarrena da Avila.