Herri kirolak eta zezen txikiak, Landetako saneloien azken egunean

Uztarria.eus 2016ko abe. 5a, 00:12

Lau egun festan pasatu ondoren, gaur bukatu dira Landetako saneloiak. Aurtengo jaietarako, gainera, egitarau zabala antolatu dute, hainbat berrikuntza tarteko. Ostegunean hasi zituzten San Eloi jaiak, eta jende ugari izan da Landetara festara joanda. Eguraldi ederra lagun, gaur eguerdi partean jendetza inguratu da herri kirol erakustaldiaz gozatzera. Aurretik, Lopene ganadutegiko zezen txikiekin jolasean aritzeko tartea izan dute gaztetxoenek. Gaurkoan, trikitilarien doinuek alaitu dute giroa, eta Beñat Lizaso eta Haritz Etxeberria Ministro aritu dira bertsotan.  

Saltsarik ez da falta izan herri kiroletan, aizkora apustuan nor baino nor aritu baitira Joseba Otaegi eta Oihan Larretxea Mikel Larrañagaren eta Eneko Otañoren aurka. 20 kanaerdiko txanda librean ebaki behar zituzten, eta lanak bukatzen aurrenak izan dira Larrañaga azpeitiarra eta Otaño beizamarra. Harri jasotzen ere erakustaldia eskaini du Martin Mendizabalek, eta 150 kiloko kubikoa hiru minutuko txandan bi aldiz jasota lehendik zuen marka ondu du. Haiez gain, Jon Unanue Goenatxo III.a, Hondurasko Elias Perez eta Xabier Lizarralde ere aritu dira harri jasotzen.