'Azpeitia ezagutzen' proiektuko azken liburuxka kaleratu dute

Uztarria.eus 2016ko abe. 2a, 14:10

Bi unitate didaktikok osatzen dute liburua (Izan zirelako gara eta Nora goaz?), eta XIX, XX eta XXI. mendeko Azpeitia dute ardatz. Materiala herriko ikastetxeetan lantzen ari badira ere, unitate didaktikoak herritarren eskura jarriko dituzte Udalaren webgunean.

Azpeitia ezagutzen proiektuko azken liburua kaleratu du Azpeitiko Udalak, eta gaur, ostirala, egin dute liburuaren aurkezpena udaletxeko areto nagusian. Bi unitate didaktikok osatzen dute liburua (Izan zirelako gara eta Nora goaz? ), eta XIX, XX eta XXI. mendeko Azpeitia dute ardatz. LH5 eta LH6ko ikasleei daude zuzenduta, eta dagoeneko hasi dira materiala lantzen herriko ikastetxeetan. 

Azpeitiko historia modu erakargarrian ezagutaraztea da Azpeitia ezagutzen proiektuaren helburua. Olatz Arangurenek sortu ditu azken liburuaren edukiak, eta Iban Izagirrek ilustrazioak egin ditu.

Bosgarren unitate didaktikoan honako gaiak landu dituzte, besteak beste: industrializazioa, Azpeitiak organoarekin izan duen harremana, garbitokia, biztanleriaren garapena, ezberdintasun soziala, Urola trena edota garai haietako aisialdi eredua. Seigarren unitate didaktikoan, aldiz, etorkinen gaia landu dute. Izan ere, Azpeitira etengabe jende berria etortzen ari dela esan du Olatz Arangurenek, eta ikasleek Azpeitira etortzen direnei zer erakutsi diezaioketen landu dute unitate didaktikoan. Horrez gain, Gerra Zibileko pasarteak, XX. mendeko auziak eta azpeitiar ezagunen biografiak bildu dituzte, besteak beste. 

Olatz Arangurenek materiala sortzea "plazer" bat izan dela esan du, eta historiaren transmisioaren garrantzia nabarmendu du. Horrez gain, "eskerrak" eman dizkio Udalari, "horrelako apustua egiteagatik". Iban Izagirrek ere eskerrak eman dizkio Udalari, "aukera hau emateagatik". Horrez gain, proiektuan parte hartzea "interesgarria" izan dela esan du: "Azpeitiaren inguruan ez nekizkien gauzak ikasteko eta historia nolakoa zen jakiteko balio izan dit, eta esperientzia ona izan da".

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak, bere aldetik, historia ezagutzea "oinarrizkoa" dela esan du. "Zer izan garen jakin gabe ezin dugu aurrera egin", adierazi du Etxeberriak, eta horren harira balorean jarri du Azpeitia ezagutzen proiektua. 

Azpeitiko Udalak Hik Hasi euskal hezkuntzaren alorrean lan egiten duen erakundearen laguntzarekin osatu du Azpeitia ezagutzen programa. Hik Hasiko koordinatzaile Joxe Mari Auzmendik egindako lanagatik zoriondu ditu Udala zein liburuxkaren egileak. Horrez gain, "Azpeitia hobetzera bidean gazteak protagonista" izan behar dutela nabarmendu du, eta horrelako proiektuek horretan laguntzen dutela esan du. 

Herritarrentzat eskuragarri

Azpeitia ezagutzen proiektua herriko ikastetxeetan lantzen ari badira ere, unitate didaktikoak herritar ororentzat eskuragarri jarriko dituzte azpeitia.eus webgunean. 

2013an aurkeztu zuen Udalak aurreneko unitate didaktikoa. Guztira hiru liburuxka kaleratu dituzte, eta liburu bakoitzean bi unitate didaktiko landu dituzte. Aurreneko liburuxkak Nondik gatoz? Nola sortu ginen? galderei erantzuten die. Bigarren liburuxkak, berriz, Aro Berritik Aro Garaikidera (XVI-XVIII) arteko denbora tartea biltzen du, eta 9-10 urte artekoei dago zuzenduta. Aurreneko eta bigarrengo liburuxkak ikusteko, egin klik hemen.