Alternatibak eraikitzeko prest

Uztarria.eus 2016ko abe. 2a, 11:12
Onintza Valverde eta Erik Aznal, Azpeitiko Ernaiko kideak. (Maialen Etxaniz)

Ia hilabete eztabaidatzen eta hausnartzen aritu ostean, bihar aurkeztuko dituzte Azpeitiko Gazte Mugimenduaren topaketetako batzarretan bildu dituzten ondorioak. Jardunaldiei amaiera emateko egun osorako egitaraua prestatu dute, eta egungo sistemaren aurrean "alternatibak eraikitzeko gogoz" dauden gazteak biharko jardunaldian parte hartzera animatu nahi dituzte. 

Iritsi dira amaierara Azpeitiko Gazte Mugimenduaren topaketak, eta bihar, abenduak 3, aurkeztuko dituzte asteotan egin dituzten hausnarketen ondorioak.

Azaroaren 12an hasi ziren gazte mugimenduaren topaketak Azpeitian, eta hainbat astetan zehar lau lan ildo jorratu dituzte bertan parte hartu dutenek: aisialdi eredua, feminismoa, etxebizitza eta hezkuntza. Lan lerro horiek jorratu ostean atera dituzten ondorioak aurkeztuko dituzte bihar, plazan.

Azpeitiko Ernaiko Onintza Valverde da jardunaldien sustatzaileetako bat, eta hark adierazi duenez, biharko jardunaldia ez da "amaiera bat" izango, "hasiera" bat baizik". Valverde ez ezik,  gazte topaketen antolakuntzan ibili da Erik Aznal. Haren hitzetan, "biharko jardunaldia gazteek etorkizunera begira zer egin eta zer eraiki nahi duten elkarbanatzeko momentua izango da" .

"Gazteak burujabe izateko eta bizitzako hainbat esparrutan pixkanaka gazte boterea eraikitzen joateko beharra ikusi zen. Ideia horren bueltan, Ernaik hausnarketa prozesu bat hasi zuen iazko abenduan Euskal Herri osoan zehar", azaldu du Valverdek. Era berean, azpimarratu du hausnarketa horren helburua dela "egungo sistema kapitalista heteropatriarkalari erantzuteko alternatibak sortzea".

Gazteen arteko hausnarketa prozesu hori azaroan hasi zen Azpeitian. "Ikasturte berrian murgiltzearekin batera, Azpeitiko Ernaik pentsatu zuen interesgarria izan zitekeela gazte antolakundeak ondutako alternatiben inguruko hausnarketa orokorra herrira ekartzea. Batez ere, gazteak mugitzen hasteko, herrian bertan gazte boterea eraikitzeko eta egungo egoeraren diagnosia osatzeko", azaldu du Valverdek.

Hausnarketak elkarbanatzen

Azpeitiko Gazte Mugimenduaren topaketen helburuetako bat da herriko gazteek beren nahiak, arazoak eta iritziak elkarbanatzea, eta horiek identifikatu ostean, alternatibak eraikitzen hastea. 

Aznalek azaldu duenez, "gauza jakina da" Azpeitiko Gazte Mugimenduko eragileetako norbanakoek denetariko gaiak landu eta aztertu dituztela urteetan zehar. Orain arte egindako gogoeta horiek beste gazteekin elkarbanatzea nahi du Ernaik: "Topaketak antolatzerako bagenekien Azpeitian hainbat hausnarketa eman direla gai ezberdinen inguruan. Horren adibide da festa herrikoien inguruan egin den lanketa edota etxebizitzarena; Bizi dinamikarena, hain zuzen. Horregatik, taldeetan edo eragileetan landu izan diren gai horiek guztiak elkarrekin mahai gainean jarri nahi genituen, etorkizunera begira esparru horietan dauden proiektuak norabide berean aurrera eramateko". 

Halaber, helburu komunak lortzeko, sistema kapitalistak gazteen bizitzetan jokatzen duen rolaz jabetzea "ezinbestekoa" dela dio Aznalek: "Gaur egungo sistemak gure egunerokotasunean eragiten duela jakitea, eta horretaz kontziente izatea ezinbestekoa da. Horregatik, biharko jardunaldietan parte hartzea garrantzitsua dela pentsatzen dugu; bizitzako eremu ezberdinetan burujabetza nola artikulatu daitekeen hausnartzeko, elkarrekin".

Gazte mugimenduko eragileetako kideek dei egin nahi diete gaur egungo sistemaren aurrean alternatibak eraikitzeko gogoz dauden gazte guztiei biharko jardunaldian parte har dezaten.

Honako hau da biharko prestatu duten egitaraua:

  • 11:00etan: Lan ildoen topaketa, plazan.
  • 14:00etan: Bazkaria, gaztetxean. Txartelak bertan izango dira salgai 5 eurotan.
  • 21:00etatik aurrera kontzertuak, plazako arkupetan.