Saltokietako hainbat lanetan trebatzeko doako prestakuntza ikastaroa antolatu du Udalak

Uztarria.eus 2016ko abe. 2a, 10:39

Ikastaroa teorikoa eta praktikoa izango da, eta parte-hartzaileak honako zereginetan trebatuko dira, besteak beste: harategi eta arraindegien salmenta puntuetan bezeroari zerbitzua ematen, produktuen inbentarioa egiten eta stocka aztertzen. Ikastaroa doan izango da, eta izena emateko azken eguna abenduaren 15a da. 

Azpeitiko Udalak saltokietan izaten diren hainbat lanetan trebatzeko doako formazio ikastaroa antolatu du. Ikastaro horren helburua da herritarren kualifikazioan laguntzea eta herriko saltokientzako erabilgarri izan daitekeen lan poltsa sortzea.

Ikastaroa teorikoa eta praktikoa izango da, eta parte-hartzaileak honako zereginetan trebatuko dira:

  • Harategi eta arraindegien salmenta puntuetan bezeroari zerbitzua ematen.
  • Haragia, arraina eta beste hainbat produkturen salmenta egokia egiten; produktua mantentzen eta prestatzen, beharrezkoak diren baldintzetan.
  • Produktuen inbentarioa egiten, stocka aztertzen, eta behar diren produktuak dendan dagokion lekuan egotea bermatzen, hainbat irizpide jarraituz.
  • Salmenta puntuetan bezeroari kaxa zerbitzua eskaintzen.

Prestakuntza ikastaroa urtarriletik apirilera eskainiko dute. Urtarrilean eta otsailean 180 orduko ikastaro teorikoa egingo dute parte-hartzaileek. Martxoan eta apirilean, aldiz, parte-hartzaile bakoitzak 120 orduko praktikak egingo ditu. Ikastaroan parte hartzeko ezinbestekoa izango da eskola graduatua edo baliokidea den titulua izatea eta euskara menperatzea.

Izen-ematea zabalik

Saioetan parte hartzeko izen-ematea gaurtik, abenduaren 2tik, abenduaren 15era bitartean egongo da zabalik. Izena emateko bi modu daude: enpleguzentroa@iraurgiberritzen.eus edota ikastaroak@azpeitia.eus helbideetara idatzita edo Udaleko Gizarte Zerbitzuen bulegora bertaratuta. Parte-hartzaileek izen ematearekin batera curriculuma aurkeztu beharko dute.