Barneko txinpartak, ateratzear

Urola Kostako Hitza 2016ko abe. 1a, 12:29
Inharrak proiektuko kideak. (Inharrak)

Inharrakek ikus-entzunezko proiektuaren sormen prozesua aurkeztuko du gaur, 20:30ean, Soreasuko Dinamoan. Azpeitiko Udalaren eta Kultur Mahaiaren Sormen Beka jaso zuten.

Barneko txinpartak edo argi izpiak. Kezkak, nolabait ere. Horiek barrenetik aterako dituzte argitara Inharrak taldeko kideek. Haiek diotenez, Inharrak jarri diote izena proiektuari, hitz horrek “ondo islatzen” duelako egitasmoa.

Joan den ekainean Azpeitiko Udalaren eta Kultur Mahaiaren Sormen Beka jasotzean hasi ziren proiektuarekin lanean Iraia (Azpeitia, 1988) eta Eider Bereziartua (Azpeitia, 1991) ahizpak eta Egoitz Arruti (Azpeitia, 1980). Eta gaur Soreasuko Dinamoa sormen gunean izango dira proiektuaren sormen prozesua eta egitasmoaren zertzeladak azaltzen. 20:30ean hasiko da aurkezpena.

Inharrak proiektuak lehen txinparta atera du dagoeneko; izan ere, musika, poesia eta irudiak uztartzen dituen lehen ikus-entzunezkoa osatuta dute taldeko kideek. Bihar bideo hori ere emango dute Dinamoan, herritarrek egitasmoa ezagutu dezaten.

Erreportajea osorik, Urola Kostako Hitzaren webgunean.