Indartuta datoz Landetako saneloiak, "auzoa pizteko asmotan"

Uztarria.eus 2016ko abe. 1a, 10:12
Ane Lazkano eta Naroa Lazkano, San Eloi jaietako antolatzaileak.

Gaur, osteguna, eguerdian hasiko dira Landetako San Eloi festak. Ane Lazkano eta Naroa Lazkano festa batzordeko kideak dira, eta azken hilabetean lan eta lana aritu dira festetako antolakuntza lanetan. Hainbat berrikuntza txertatu dituzte egitarauan, jaiak indartzeko eta auzoa pizteko helburuarekin. Aurten, gainera, errepidea moztuko dute Mendizabal jatetxearen parean.

Ordu gutxi barru hasiko dira Landeta auzoko San Eloi festak, eta aurtengoan berrikuntzekin datoz. Azken urteetan festak antolatzen ibili diren auzotarrek lekukoa pasatu diete auzoko gazteei, eta horiek arduratu dira aurtengo jaien egitaraua osatzeaz. Landetako festa batzordeko kideak dira Ane Lazkano eta Naroa Lazkano, eta beste lau lagunekin batera antolakuntza lanetan murgilduta ibili dira azaro hasieratik. 

"Guk festak antolatzen ez bagenituen saneloiak bukatuko zirela esan ziguten festa batzordeko kide ohiek. Ez genuen nahi jaiak amaitzerik, eta orduan guk hartu genuen antolaketa lanen ardura", azaldu du Ane Lazkanok. Lehen 30 gazte inguru aritzen ziren saneloiak antolatzen, orain, berriz, sei dira. Joan den urtean aritu ziren aurrenekoz prestaketa lanetan, baina "bi eguneko festa laburrak" izan zirela azaldu du Naroa Lazkanok. Aurtengoan, baina, egitarau oparoa prestatu dute.

Gazteek aire berriak eraman dituzte Landetako festen egitaraura, eta jaiak indartze aldera ekimen berriak antolatu dituzte. Ane Lazkanok adierazi duenez, "Landetako festak pixka bat abandonatuta zeuden", eta horiek berriro indartzea nahi izan dute: "Auzoko jaiak berriro piztea eta auzoa biziberritzea nahi genuen. Horregatik, aldaketa batzuk egin dizkiogu egitarauari, nahiz eta tradizioei ere eutsi diegun". Izango diren berrikuntzen artean daude zapatuko, abenduaren 3ko, azoka eta auto klasikoen argazki rallya. Gainera, festak "behar bezala ospatzeko", aurtengoan errepidea moztuko dute Mendizabal jatetxearen parean.

Azoka, "berrikuntzarik handiena"

09:00etan hasiko da zapatuko azoka, eta antolatzaileek azaldu dutenez ekimen hori da aurtengo festetako "berrikuntzarik handiena". Ane Lazkanok aurreratu duenez, hainbat animali izango dira ikusgai: "Inguruko baserrietatik hainbat animali ekarriko dituzte. Esaterako, untxi zuriak, ahuntzak, mufloiak eta behorrak". Horrez gain, Sakona etxalde ekologikoko kideak ere izango dira azokan, barazkien postuarekin.

Bestalde, gazta eta sagardo dastaketa ere antolatu dute. Gazta pintxoa euro bat ordaindu beharko da, eta sagardoa doan izango da.

Klasikoa ez den argazki rallya 

Klasikotik gutxi du Landetako festa batzordeak antolatu duen auto klasikoen argazki rallyak. Parte-hartzaileek honakoa egin beharko dute: antolatzaileek bost argazki emango dizkiete auto klasikoetako txoferrei, eta horiek antolatzaileek emandako argazkien berdinak ateratzen saiatu behar dira. Hau da, parte-hartzaileek leku berean eta postura berean atera beharko dituzte argazkiak. Helburua bat da: argazkiak lortzea, baina ahalik eta kilometro gutxien eginda. Berdin du denborak. Naroa Lazkanok azaldu duenez, dagoeneko 20 parte-hartzailek eman dute izena.

Argazkiak egitea lortzen duten aurreneko parte-hartzaileek Mendizabal jatetxean afaria eskuratuko dute. Gainerakoek, aldiz, 25 euro ordaindu beharko dute afaria.

Hemen San Eloi festetako egitaraua osorik: 

Gaur, abenduak 1:

14:30ean: Auzo bazkaria, Landeta jatetxean. Bertsolari eta trikitilariekin. Ondoren, kalejira.

21:30ean: VIII. Mus Txapelketa azkarra, Mendizabal erretegian. Parte hartzeko izena 20:30ean eman behar da.

Abenduak 2, ostirala:

21:00. Txerri boda, Landeta jatetxean. Trikitilariekin eta bertsolariekin: Asier Txibilter eta Aitor Salegi.

Abenduak 3, zapatua:

09:30ean: BTT lasterketa eta hamaiketakoa. Erreka Bike aurretik irtenda.

Goiz guztian zehar (09:00etan hasita), ganadu erakusketa eta baserriko produktuen azoka eta gazta eta sagardo dastaketa.

14:00etan: BTTko bertso bazkaria, Bordatxo tabernan. Trikitilariekin eta bertsolariekin:
Jon Gurrutxaga eta Oier Etxeberria.

16:30ean: Ibilgailu Klasikoen inguruko Argazki Rallya. Argazki rallyko irabazleak sari bezala Mendizabal jatetxean afaria jasoko du.

Abenduak 4, igandea:

10:00etan: Meza auzoan hil direnen alde, Sierbatan.

12:00etan: Lopene ganadutegiko zezen txikiak

13:00etan: Herri kirolak. Aizkora apustua: 20 kanaerdiko txanda librean. Aizkolariak: Joseba Otaegi eta Oihan Larretxea, Mikel Larrañaga eta Eneko Otañoren kontra. Martin Mendizabalen marka saiakera: 150 kiloko kubikoa hiru minutuko txanda batean. Harrijasotzaileak: Jon Unanue Goenatxo III.-a, Elias Perez eta Xabier Lizarralde. Trikitilariak eta Beñat Lizaso eta Oier Etxeberria Ministro bertsolariak.