Astelehenetik aurrera hasiko dira autobusak Azpeitia eta Nuarbe arteko geltoki berriak erabiltzen

Uztarria.eus 2016ko aza. 30a, 16:55
Makibarreko autobus geltokia egokitzeko lanak urrian hasi zituzten. (Ihintza Elustondo)

Azpeitia eta Urrestilla artean Larrañaga parean, eta Urrestilla eta Nuarbe artean Makibarren eta Atzaran-Uresaundin jarri dituzte Azpeitia-Beizama lineako autobusak gelditzeko guneak. Bestalde, Landetan aldaketak egongo dira geltokietan San Eloi festak direla eta, abenduaren 2tik 4ra.

Azpeitia eta Nuarbe arteko autobus geltoki berriak astelehenetik aurrera, abenduaren 5etik, erabili ahal izango dira; hala jakinarazi du gaur, asteazkena, Lurraldebusek.

Urrian hasi zituen Azpeitiko Udalak Beizama eta Azpeitia lotzen dituen UK04 autobus linean hiru geltoki berri egiteko lanak. Azpeitia eta Urrestilla artean Larrañaga parean, eta Urrestilla eta Nuarbe arteko bidean Makibarren eta Atzaran-Uresaundi parean egin dituzte geltokiok.

Aldaketak Landetan

Bestetik, San Eloi festak direla eta, datozen egunetan Atxubiaga kaleko Landeta autobus geltokia bertan behera utzi eta, han izan beharrean, Landeta Hiribidean geldituko dira autobusak. Abenduaren 2tik 4ra, ostiraletik igandera, iraungo du behin-behineko geltoki aldaketak.