Iraurgi ikastetxeko ikasleek eskerrak eman dizkiote Udalari egin zituzten proposamenak kontuan hartzeagatik

Uztarria.eus 2016ko aza. 29a, 11:43

Iraurgi ikastetxeko Haur Hezkuntzako 4 urteko ikasleek Nor gara gu, zer gara gu: azpeitiarrak! izeneko proiektua landu zuten joan zen ikasturtean. Orduan ikasleek jolas-parkeen balorazioa egin zuten, horiek hobetzeko zer egin daitekeen azalduz idatzizko txosten baten bidez, eta udaletxera eraman zuten ondoren. 

Ikasturte honetan Azpeitian zehar egindako ibilaldi batean, joan zen ikasturtean egin zituzten proposamenei Udalak erantzuna eman diela ikusi dute Iraurgiko ikasleek, eta "pozez zoratzen" Udalera gutun bat bidali zuten eskerrak emanez. "Proposamenetan jarri genuen, besteak beste, Frontoi Txikiko komun publikoetan kartela jartzea, eta eskaera kontuan hartu dutela ikusi genuen. Hori ikusita gutun bat idatzi genuen Udalera, proposamenei emandako erantzuna eskertuz eta proiektuari amaiera bikaina emanez", azaldu dute Iraurgi ikastetxeko arduradunek.