Añares Riojak bolada txarra eten du eta Sammic-ek derbia galdu

Uztarria.eus 2016ko aza. 28a, 18:37
Añares Rioja eta Ensinoren arteko neurketaren irudia. (Iraurgi Saskibaloia)

LF2an denboraldiko hirugarren garaipena lortu dute Iraurgi Saskibaloiko neskek, Duran Maquinaria Ensinoren aurka (73-67). Zilarrezko LEB ligan, aldiz, gutxigatik baina amore eman dute mutilek Zornotzan (60-57).

Iraurgi Saskibaloiaren talde nagusientzat, Añares Riojarentzat izan da azken jardunaldiko txanponaren aurkia eta Sammic-entzat ifrentzua.

Nesken taldeak nahi baino gehiago luzatu zaion bolada txarra eten eta LF2an denboraldiko hirugarren garaipena lortu zuen igandean Azkoitian, Duran Maquinaria Ensinoren kontra (73-67). Aurreko jardunaldietan emaitzetan isladarik izan ez zuen joko onak fruituak eman dizkio azken jardunaldian Añares Riojari. Partidaren lehen zatian erakutsi zuen aurpegirik onena Iraurgik eta markagailuan tartea irekitzeko balio izan zion; atsedenaldian, 39-28 aurretik ziren Xabier Chicorenak. Hirugarren laurdenean, berriz, bisitarien susperraldia etorri zen. Azken laurdeneko lehen minutuetara luzatu zuten Lugokoek goraldia; markagailua iraultzea ere lortu zuten, une batean. Baina defentsako lan onak eta Taylorren eta Johnsonen saskiratzeek (31 eta 26 puntu, hurrenez hurren) garaipena etxean uzteko balio izan zuten.

Sammic ISBk, bere aldetik, gutxigatik baina galdu egin zuen Zornotzan, Zilarrezko LEB ligako euskal derbian (60-57). Iker Buenoren mutilak oso ondo sartu ziren neurketan eta atsedenaldira abantailarekin iritsi ziren (28-34). Hirugarren laurdenean, ordea, azpeitiarrek jaurtiketa asko erratu zituzten eta Zornotzak hori aprobetxatu zuen aurretik jartzeko. De Ciman-ek eta Dezelskik partida ona jokatu arren, Sammic-ek ezin izan zuen lehen zatiko egoerara itzuli eta 60-57 amaitu zen lehia. Zornotzan galdu arren, lidertzari eutsi diote Iraurgiko mutilek, Coviran Granadarekin berdinduta.