Ane Bastida Hesian taldeko baxu-jolea izango da aurrerantzean

Uztarria.eus 2016ko aza. 28a, 13:00
Hesian taldea. Ezkerretik hirugarrena da Ane Bastida.

Musika talde berria izango badu ere, orain arteko taldeak ez ditu utziko. Hasiera batean pozez hartu zuen eskaintza, eta ondoren asko arduratu zen, gai izango ote zen edo ez. Azkenean baiezkoa eman eta jaso ostean, lan eta lan ari da Durangoko Azokan eskainiko duten kontzerturako.

Musikaren munduan kapitulu berri bat hastear da Ane Bastida (Azpeitia, 1987 ) baxu-jolea. Ibilbide profesional oparoa du Bastidak, eta orain pauso bat gehiago eman du bide horretan, Hesian taldeko baxu-jolea izango baita aurrerantzean. Ez ditu orain arteko taldeak utziko, ordea.  

Ane Bastidak hasiera batean pozez hartu zuen albistea, baina aldi berean zalantzak sortu zitzaizkiola adierazi du: "Nik musika talde asko ditut, eta asko maite ditut talde guztiak. Hesianekin batera jotzen hasteak konpromiso handia suposatzen zuen, eta horrek zalantzan jarri ninduen". Orduan beste taldekideei deitzen hasi zen Bastida, horien iritziak jasotzen-eta. "Gehienek erronka berriari eustera animatu ninduten, beste batzuk, berriz, zaila izango zela esan zidaten. Zuriñe Hidalgo eta Franekin gelditu nintzen gero, kontzertuen datei eta begirada bat emateko", azaldu du azpeitiarrak. Ondoren, azpeitiarra frogak egiteko gelditu zen taldekideekin, eta kirioak dantzan zituela hasi zuen froga: "Hasieran dardarka hasi nintzen, baina erlaxatzen joan nintzen denborak aurrera egin ahala. Amaitu bezain pronto esan zidaten talde barruan nintzela dagoeneko, eta izugarrizko poza hartu nuen".

Lanerako gogotsu

Behin Hesianekoen baiezkoa jasota, kotxera sartu eta buruari bueltaka hasi zela dio Ane Bastidak: "Zenbat lan egin beharko dudan pentsatzen hasi nintzen, eta sentsazio arraroarekin itzuli nitzen etxera. Alde batetik zoriontsu nintzen, baina urduri ere banengoen, eta gai izango ote nintzen edo ez pentsatzen hasi nintzen". 

Orain lan eta lan ari dela esan du Bastidak, eta Durangoko Azokan emango duten kontzertuan "dena ondo joatea" espero duela adierazi du.