Euskal Antzerki Topaketak 2016

Kontxu Odriozola eta Iñaki Bergara oroitu dituzte, antzerkizaleen txalo zaparrada artean

Uztarria.eus 2016ko aza. 27a, 12:40

Bukatu dira XXXIV. Euskal Antzerki Topaketak. Eta zita garrantzitsu batekin amaitu, gainera. Izan ere, atzo, azaroak 26, Kontxu Odriozola eta Iñaki Bergara Pio omentzeko eguna izan zen. Dozenaka antzerkizale gerturatu zen Soreasu antzokira, eta txalo zaparrada artean eman zioten azken agurra aurten zendu diren bi aktore azpeitiarrei. 

Atzoko ekitaldian Odriozolaren eta Bergararen aktore ibilbidea errepasatzen zuen bideoa eskaini zuten aurrena, eta ondoren Soreasuko oholtzara igo ziren urte luzez Azpeitiko antzerkigintzarekin lotura izan duten generazio ezberdinetako hainbat herritar: Lakrikun antzerki taldean ibilitakoak edota Txantxalgara taldeko kideak, esaterako. Ekitaldia aurkezten berriz, Nagore Aranburu eta Pedro Otaegi aritu ziren. 

Aranburuk eta Otaegik gertutik ezagutzen zituzten Kontxu Odriozola eta Iñaki Bergara, eta bientzat esker zein miresmen hitzak izan zituzten atzokoan. "Bi aktore handi" joan direla nabarmendu zuten Aranburuk eta Otaegik, baina horren gainetik bi lagun handi joan direla azpimarratu zuten. "Gaur hemen egun berezia dugu antzerki mundu honetan. Aurten bi lagun, baina batez ere bi aktore azpeitiar bikain joan zaizkigu. Iñaki eta Kontxu, ez zaituztegu inoiz ahaztuko. Maite zaituztegu", esan zuen hunkituta Pedro Otaegik. Bestalde, Azpeitiko Udalari eskerrak eman zizkion atzoko emanaldia  Iñaki Bergarari eta Kontxu Odriozolari eskaintzeagatik. 

Nagore Aranburuk gogora ekarri zituen Odriozolarekin eta Bergararekin izandako pasadizoak. Biak "oso langileak" zirela azpimarratu zuen aktore azpeitiarrak, eta baita Azpeitiaren enbaxadorerik onenak zirela ere: "Joaten ziren tokira beti eramaten zuten beraien herria eurekin. Azpeitiak beraietaz harro egon behar du". Horrez gain, Kontxu Odriozolari eta Iñaki Bergarari esker hasieran bere afizioa zena, eta egun bere ofizioa dena "maitatzen, asko disfrutatzen eta errespetatzen" ikasi zuela esan zuen Nagore Aranburuk. "Biei esan nahi diet, oholtzara igotzen naizen bakoitzean bien zati bat nirekin aterako dela beti", esanaz bukatu zuen Aranburuk. 

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea eta Josu Labaka Kultura batzordeburua ere igo ziren atzo Soreasuko ohotzara, eta Odriozolaren eta Bergararen senideei oroigarri bana eman zieten. Ekitaldia amaitu ostean, Ahantzitako oroitzapenak kontzertu antzeztua eskaini zuen Getariako Elkano abesbatzak, Felipe Murilloren gidaritzapean.