Azpeitiko Herritarren Foroak ibilbideari amaiera emango dio abenduaren 1ean

Uztarria.eus 2016ko aza. 25a, 14:32

Bizikidetza izan du ardatz duela bi urte eratu zen Herritarren Foroak. Denbora horretan bizitako elkarrizketa prozesuak emandako ondorioak herritarren aurrean aurkeztuko dituzte abenduaren 1ean, 19:00etan, Sanagustinen egingo duten ekitaldian.

Datorren abenduaren 1ean, amaiera emango dio bi urteko ibilbideari bizikidetza oinarri duen Azpeitiko Herritarren Foroak. Urte luzez hainbat herritarrek jasandako indarkeria, giza eskubideen urraketa eta bazterketa egoerek eragindako "sufrimendu eta inkomunikazio egoerak" elkarbanatzeko sortu zuten taldea.

Herritarren Foroa ondorengo herritarrek osatu dute: Alaitz Aguado, Jexux Aizpurua, Eneritz Albizu, Miren Alcedo, Jabier Altuna, Joxe Arregi, Felipe Murillo, Miren Odriozola, Manoli Uranga, Eneka Urbieta eta Mertxe Urtuzaga Otaegi. Gaur egun Herritarren Foroa osatzen duten bederatzi lagun horiek elkartzen jarraitzen dute, "lorturiko errespetu eta elkar ezagutza aprobetxatuz iragan hurbilak, orainak eta etorkizunak lotzen dituen zenbait korapilo askatzeko saiakeran".

Baina hasitako ibilbideari bukaera emateko garaia dela jakinarazi dute foroko kideek. Hala, bi urteko prozesuan zehar bizitako elkarrizketek emandako ondorioak herritarrekin partekatuz emango diote amaiera foroari, abenduaren 1ean Sanagustinen egingo duten ekitaldian. Herritarrei dei egin diete ekitaldian parte har dezaten.