Maialen Etxanizek irabazi du Irudhitzeneko argazki lehiaketa

Uztarria.eus 2016ko aza. 25a, 12:47

Irudhitzen lehiaketako hamabi argazki onenen zerrenda jakinarazi du Azpeitiko Argazki Elkarteko kideek osatutako epaimahaiak gaur, ostirala. Guztira 81 argazki bidali zituzten lehiaketara, eta horietatik hamabi aukeratu dituzte Izaskun Zeziagak, Juan Mari Ibarzabalek, Mikel Cagigalek eta Gorka Arregik osatutako epaimahaiak. Irudi horiekin 2017ko egutegia kaleratuko du Uztarriak. 

Maialen Etxaniz azpeitiarraren argazkia nabarmendu dute, "originaltasunagatik", eta hala 150 euro eskuratuko ditu Etxanizek. Aukeratu dituzten gainerako irudiak honako herritarrenak dira: Ane Bastida, Jexux Artola, Iñaki Etxenagusia, Valen Garcia, Iñigo Olarte eta Javier Bastida.

Hemen dituzue ikusgai aukeratutako hamabi argazkiak. Aurrerago osatuko dugu 81 irudien argazki bilduma. 

Jarri hitzak irudiei 

Uztarriak, Kultur Mahaiak eta Azpeitiko Argazki Elkarteak elkarlanean martxan jarritako Irudhitzen lehiaketak bi zati ditu: irudiena eta hitzena. Behin hamabi argazkiak aukeratuta, horiei hitzak jartzeko txanda da orain. Testuak idatziz parte hartu nahi duten herritarrak hasi daitezke dagoeneko beren lanak bidaltzen. Irabazleak 150 euroko saria jasoko du.

Honakoak dira testu laburren lehiaketako oinarriak: 

  • Pertsona bakoitzak gehienez 5 irudiri jarri ahal dizkio hitzak. 
  • Gehienez 100 hitzeko testuak izan behar dute.
  • Abenduak 16 izango da testuak bidaltzeko azken eguna, honako helbidera: lehiaketakuztarria@gmail.com.

Hitzen lehiaketako epaimahaia Anartz Izagirrek, Alaitz Olaizolak eta Izaro Zinkunegi Kultur Mahaiko teknikariak osatuko dute.