Musika parkera atera dute Juan Antxieta Musika Eskolakoek

Uztarria.eus 2016ko aza. 24a, 19:33

Aste berezian murgilduta dabiltza Juan Antxieta Musika Eskolan. Herenegun, Soreasun, Santa Zezilia eguneko jaialdia eskaini zuten. Gaur, berriz, azken urteotan errepikatzen ari den beste hitzordu bat zuten, Musikalean egitasmoarekin. Musika eskolek musika kalera ateratzeko aitzakia eta parada izaten da Musikalean, eta Azpeitikoak ere hala egin du. Kalera eta, zehatzago, parkera atera dute musika, Balentina Agirre plazan eskaini baitute saio laburra Juan Antxietako ikasle eta irakasleek, 17:30 inguruan. Festa giroan ibili dira plazan, bideoan ikus daitekeen bezala, eta festarekin jarraitu dute gero eskolan bertan, txokolate janarekin.