Begoña Arakistainek irabazi du 'Erosi Azpeitian Berriaren eskutik' kanpainako saria

Uztarria.eus 2016ko aza. 24a, 15:26

Berrialagun diren denden artean Berria egunkarian publizitatean gastatzeko 1.000 euroko saria ere zozkatu dute. Luma kopistegiak eskuratu du sari hori. 

Joan den azaroaren 4an abiatu zuten Erosi Azpeitian Berriaren eskutik kanpaina, eta gaur, osteguna eman diote amaiera kanpainari, zozketarekin. Azaroaren 4tik 18ra bitartean Bertan Azpeitiko Merkatarien Elkarteko kide diren eta Berrialagun egin diren dendetan erosketak egin dituzten herritarren artean egin dute zozketa, eta Begoña Arakistainek irabazi du denda horietan gastatzeko 1.000 euroko txartela.

Zozketa horretaz aparte, beste sari bat banatu dute: berria egunkarian publizitatean gastatzeko 1.000 euroko saria, hain zuzen. Berrialagun diren denden artean egin dute zozketa, eta Luma kopistegiak eskuratu du sari hori.

Zozketa ekitaldian izan dira Berria egunkariaren zuzendari Martxelo Otamendi, Bertaneko teknikariak eta zenbait dendatako ordezkariak, Azpeitiko alkate Eneko Etxeberria eta Josu Labaka eta Agustin Lizarralde zinegotziak.

Otamendik "eskerrak" eman dizkio Bertani eta Azpeitiko Udalari. Hark esan du, esperientzia bera beste herri batzuetan ere egin dutela, eta "oso gustura" daudela Azpeitian izan duen erantzunarekin ere. "Guretzat ere ona da. Egunkari nazionala da Berria, eta batzuetan horrek despistatu egiten gaitu, ahazten baitzaigu gure nazioa herriek osatzen dutela. Beraz, herriz herri horrelako akordioak egitea garrantzitsua da; batetik, herriko merkataritza bultzatzen delako, eta herritarrak bertan kontsumitzera bultzatzea zaila delako; eta, bestetik, euskarazko prentsa horrelako kanpainetan agertzea ona delako", esan du Berriako zuzendariak.

Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak ere hartu du hitza, eta esan du bat egiten dutela filosofia horrekin: "Udalarentzat plazer bat da halako kanpainak egitea. Izan ere, Euskal Herria baino, "euskal herriak" esatea gustatzen zaigu. Txikitasunetik zer aportatua badago; izan ere, Azpeitia 5.000 biztanletik gorako herri euskaldunenentakoa da, eta guretzat euskara sustatzea eta bertan erostea oso garrantzitsua da; hori guztia elkartzea garrantzitsua da. Behar-beharrezkoa dugu euskarazko egunkari bat, hizkuntza garatzeko eta aurrera egiteko. Eta garrantzitsua da bertako merkataritza bultzatzea, jendeak hemen eros dezan".

Xabier Aldalur Bertaneko teknikariak ere eskerrak eman dizkie Udalari eta Berriari, kanpaina antolatzeagatik. "Merkatariek ondo dakite egunero denda ireki eta lan egiterako garaian zenbat eskertzen den beste eragileekin halako egitasmoak egitea".