Kirol Sarietan aldaketak egitea adostu dute Udalak eta Kirol Mahaiak

Uztarria.eus 2016ko aza. 24a, 11:37
Iazko Kirol Sarietako sari banaketa

Kirol Sarietan aldaketak egitearen helburuak dira herritarren partaidetza areagotzea eta emakumezkoen kirolari merezi duen ikusgarritasuna ematea. Hiru sari banatuko dituzte, eta horietarako hautagaiak edozein herritarrek proposatu ahal izango ditu. Horrez gain, herritarrek hautagaiak bozkatzeko aukera ere izango dute. 

Azpeitiko Udalak eta kirol mahaiko kideek urteko Kirol Sarien ekimena berritzea erabaki dute, bi helburu nagusirekin: herritarren partaidetza areagotzea eta emakumezkoen kirolari merezi duen ikusgarritasuna ematea.

Hala, 2016ko Azpetiko Udalaren Kirol Sarietan hiru sari emango dituzte: urteko kirolariaren saria, gizonezkoen kategorian (norbanakoak edo taldeak izan daitezke); urteko kirolariaren saria, emakumezkoen kategorian (norbanakoak edo taldeak izan daitezke) eta urteko aipamen berezia, boluntario lanean aritu direnentzat (norbanakoak edo kirol lagun taldeak izan daitezke). 

Hiru sarietarako hautagaien proposamenak edozein herritarrek egin ahalko ditu: bai norbanakoek eta bai herriko klubek ere. Hautagaiak azaroaren 28tik abenduaren 4a bitartean aurkeztu beharko dira, Kirol Sailean, kirolak@azpeitia.eus emailera idatzita, 943 15 00 95 telefonora deituta edota udaletxeko sarreran proposamena idatziz utzita. Hautagaia aurkezten duenak, kirolari edo talde hori zergatik proposatzen duen azaldu beharko du. Udalak azpimarratu du, "kirol emaitzez gain, bestelako balio eta merituak ere kontuan hartzea garrantzitsua dela proposamenak egiterakoan".

Herritarrek bozkatzeko aukera

Herritarrek eta kirol taldeek egindako proposamenekin zerrenda osatuko da, eta herritarrek aukeraketan parte hartzeko modua izango dute. Horretarako, bai kiroldegian eta baita igerilekuan ere, hautagai guztien zerrenda jarriko da, eta boto kutxa herritarrek botoa eman dezaten. Abenduaren 5etik abenduaren 11ra bitartean egongo da botoa emateko aukera.

Herritarren bozketaren emaitzak eskuan, epaimahaia bilduko da azken balorazioa egin eta aukeraketa egiteko. Epaimahai hori honako kideek osatuko dute: Udaleko Kirol batzordekideak, Udal Kirol Patronatuko zuzendariak eta Udal kirol teknikariak eta kirol esparruan eskarmentua duten herriko bi kazetarik. Epaimahaia abenduaren 12an elkartuko da, eta jasotako proposamenetan oinarrituta, 2016ko Azpeitiko Kirolaria aukeratuko du neskek kategorian zein mutilenean. Bestalde, Kirolari Boluntarioa zein izango den ere aukeratuko du.