Ostiral Beltza izango da hilaren 25ean Bertaneko saltokietan

Uztarria.eus 2016ko aza. 22a, 10:50

Black Friday (Ostiral Beltza) Amerikako Estatu Batuetatik datorren ekintza da eta azken urteotan indar handia hartu du Europan. Ekintzaren helburua Gabonetako erosketak aurreratzea da, hau da, bezeroak azaroaren amaieratik Gabonetako erosketak egiten hastea. Hori lortzeko, azaroko azken ostiralean, azaroaren 25ean, deskontu handiak eskainiko dira hainbat eta hainbat saltokietan.

Bertan Azpeitiko Merkatari Elkarteak ere bere Ostiral Beltza antolatu du bigarren urtez jarraian. Honakoa izango da egun horretan soilik, hilaren 25ean, egingo den eskaintza:

  • Elkarteko 60 saltokik eskaintza bereziak egingo dituzte, denda bakoitzak berea.
  • Sektore ezberdinetako saltokiek hartuko dute parte: emakume zein gizonezkoen moda, oinetakoak, haur moda, etxeko dekorazioa, ileapaindegiak, osasuna... Eta eskaintzak ere denetarikoak izango dira: %40rainoko deskontuak, zozketak, opariak...
  • Deskontu horiek bezero guztiei zuzenduta egongo dira, edonork baliatu ahal izango ditu, ez baita beharrezkoa Bertan fidelizazio txartela erabiltzea.
  • Eskaintza berezi horien zerrenda Uztarria.eus webgunean eta Bertan Elkarteko Facebook orrialdean (AzpeitiBertan) egingo da publiko ostegunean.

Aldi berean, Bertan fidelizazio txartela erabiltzen dutenek %10eko deskontu gehigarria izango dute, aurrez aipaturiko eskaintzekin bateragarria izango dena. Beraz, Bertan txartela erabilita %50erainoko deskontuak eskuratzeko aukera izango da.

Aukera bikaina promozio onenak herrian bertan eskuratzeko. Kanpaina hau eta aurrerantzean merkatarien elkarteak egingo dituenak osotasunean aprobetxatu nahi dituenak Bertan fideltasun txartela eskatu dezake. Bertan txartela doakoa da, eta ez da behar kontu berri bat zabaltzea txartela lortzeko. Gainera, ordainketak hiru hilabetera atzeratzeko aukera ematen du. Erosketa bonoengatik trukatu daitezkeen puntuak ere pilatzen ditu. Interesatuek Nafarroako Rural Kutxaren Azpeitiko bulegoan (Foru ibilbidea, 10) eskatu dezakete Bertan txartela.