Aitor Arratek entrenatuko du Hirugarren Mailako Lagun Onak

Uztarria.eus 2016ko aza. 21a, 21:56

Aitor Arrate, Bergara entrenatu zuen garaiko argazkian. (Goiena.eus)

Markinakoa Aurrera Ondarroan, Anaitasunan eta Bergaran aritutakoa da. Orain dela astebete Sestao Riverrera aldegin zuen Pablo Turrillasen tokia beteko du Azpeitiko gizonezkoen talde nagusian.

Pablo Turrillasek kargua utzi eta astebetez lehen taldeko entrenatzailerik gabe egon ondoren, Lagun Onak futbol taldeak gaur jakinarazi du Espainiako Hirugarren Mailako taldea nork zuzenduko duen: Aitor Arrate (Markina, 1977) da Lagun Onakeko entrenatzaile berria.

Aitor Arrate 2004. urtean hasi zen entrenatzaile lanetan. 2010a arte hainbat taldetan aritu zen jokalari eta entrenatzaile lanak uztartuz. 2010-2011 denboraldian, berriz, Ondarroako Aurrera entrenatu zuen, Ohorezko Erregional mailan. Hurrengo bi denboraldiak Azkotian egin zituen, Anaitasunaren talde nagusiaren buru; Hirugarren Mailara igo ziren gorriak Arrateren lehendabiziko denboraldian. 2013-2014 eta 2014-2015 sasoietan, berriz, Bergarako entrenatzailea izan zen markinarra, Ohorezko Erregional mailan.