Musikaz jantzitako astea antolatu du Juan Antxieta musika eskolak, Santa Zezilia ospatzeko

Uztarria.eus 2016ko aza. 21a, 11:21

Bihar, asteartea, Santa Zezilia kontzertua eskainiko dute, Soreasun. Asteazkenean, aldiz, musika eskola itxita egongo da, eta ostegunerako Musikalean ekimena prestatu dute.

Bihar, azaroak 22, Santa Zezilia eguna izango da, musikaren eguna, eta hori ospatzeko egitarau berezia prestatu du Juan Antxieta musika eskolak. 

Aurtengoan Kantatzen ez duenak zorionik ez du izenburupean eskainiko dute Santa Zezilia kontzertua, bihar, Soreasu antzokian, 19:00etan hasita. Musika eskolako ikasleek eskainiko dituzten pieza guztiak Imanol Urbietarenak izango dira. Joan den irailean hil zen zarauztar musikaria, bereziki umeei zuzendutako euskal musikari izugarrizko ekarpena egin ondoren.

Asteazkenean, azaroaren 23an, jai eguna izango da musika eskolan, eta itxita egongo da. Ostegunean musika kalera aterako dute Juan de Antxietako ikasleek, eta Musikalean ekimena antolatu dute horretarako. Hala, arratsalde partean, Balentina Agirre plazara joango dira, eta hainbat kantu abestuko dituzte instrumentu ezberdinak lagun. Ondoren, txokolatada egingo dute musika eskolan. Eguraldiak laguntzen ez badu, musika eskolan geldituko direla aurreratu dute antolatzaileek.