Santa Zezilia berezia 150 urteko Udal Musika Bandarentzat

Uztarria.eus 2016ko aza. 19a, 16:20

Urtero ospatzen du modu berezian Azpeitiko Udal Musika Bandak Santa Zezilia, musikarien zaindariaren eguna. Baina aurtengoa are bereziagoa izan da, Bandaren 150. urteurreneko ospakizunen barruan kokatu delako 2016ko Santa Zezilia eta, egitarauren barruan, Bandaren historia eta istorioak jasotzen dituen liburua ere aurkeztu dutelako gaur.

Asteartean da Santa Zezilia eguna, baina aurreko zapatuta aurreratu ditu ospakizunak bandak. Egun seinalatu honetan, gaur egungo bandakideek eta bandakide ohiek bat egin dute. Kalejirarekin ekin diote goizari, oraingo eta garai bateko hainbat musikari elkartuta. Eta musikarien aurretik, 1926ko zutoihal edo estandarte zaharra eskuetan hartuta banderaduna, eta haren atzetik gaur egungo Bandaren ikurrarekin banderadun txikia eta bi kantinera ibili dira, kalez kale.

"Altxor bat" den liburua

Hurrengo hitzordua Eñaut Frantzesena bandakideak idatzi duen Udal Musika Bandaren 150. urteurreneko liburuaren aurkezpena izan da. Egilearen alboan egon dira, Sanagustin kulturgunean, Eneko Etxeberria alkatea eta Mikel Ibarzabal Festa batzordeburua; Frantzesenari liburua ontzen lagundu dioten Aitor Hernandez eta Adela Arzuaga bandakideak; eta Ekain Artola, aurkezle lanetan aritu den Bandako beste kidea. Esker oneko hitzak izan dituzte Artolak eta Frantzesenak liburua egiten lagundu dieten guztientzat, argazkiak utzi dizkieten guztietatik hasi eta Udalarekin bukatuz. Gaurko aurkezpenean egoterik izan ez duen Alaitz Ruiz ere eskertu dute, bera izan baita liburuaren maketatzailea.

160tik gora orrialde dituen liburu mardulean Azpeitiko Bandaren historia jaso du, batetik, Frantzesenak. Imanol Eliasen Azpeitiko efemerideak (Uztarriak argitaratua) eta Azpeitia historian zehar liburuak abiapuntu izan ditu egileak: "Informazio asko geneukan hor, Eliasek jada artxibo hustuketa lana egina zuelako. Eskerrak eman behar dizkiogu, egin zuen lan isil guztiarengatik". Eliasen liburuetan aipatzen ziren udal aktak erreferentzia gisa hartuta, agiri originaletara jo dute liburua osatzeko. "Horrez gain, Udaleko kontuak erabili ditut. Hor, zenbaki artean, ez du ematen, baina Bandaren inguruko datu pila bat daude". 1950. urte ingurura arteko datuak eskuratzeko erabili ditu Udaleko Artxibategiko datuak; hortik aurrerakoak, berriz, prentsatik edota testigantza zuzenen bidez lortu ditu Frantzesenak.

Baina datuez eta kronologikoki jasotako ibilibide historikoaz gain, anekdotak eta pasadizoak ahaztu gabe, argazkiz ederki hornitutako liburuan herritarren testigantzak ere jaso nahi izan dituzte; Bandarekin edo Bandaren bueltan dituzten bizipen eta oroitzapenak "beren erara idatzi" dituzte hogei bat herritarrek.

Eneko Etxeberria alkateak, bere aldetik, Bandaren 150 urteko ibilbidea zein gaur aurkeztu duten liburua goraipatu ditu. "Azpeitiko historiaren parte oso inportantea dago liburu honetan eta merezi du bost euroak ordaintzea. Altxor bat da", esan du alkateak. "Erraz esaten da, 150 urte. Baina, pixkat pentsatzen hasten bagara, edozein proiektuk 150 urte betetzea zer den, ikaragarria da. Horrelako proiektu batek 150 urte betetzen dituenean, gelditu, begiratu, eta konturatzen gara azpeitiarrek gauzak oso ondo egiten ere badakigula", adierazi du Etxeberriak. Historia guzti hori posible egin duten denak gogoratzeko eta eskertzeko unea dela gaineratu du alkateak, eta herritarrak ere bai. "Azpeitia ezin da musika bandarik gabe ulertu", gaineratu du, eta bandakideak zoriondu ditu, egiten duten lanagatik.

Salmentaren xehetasunak, astelehenean

Jende asko elkartu da Sanagustinen liburuaren aurkezpenerako, eta horietako askok eraman dute aleren bat etxera, kulturgunearen sarreran jarri baitituzte liburuak salgai, 5 euroren truke. Aurkezpenera joan ez direnek ere izango dute, noski, liburua eskuratzeko aukera; astelehenean argituko dute Bandakoek non eta nola erosi ahal izango den liburua.

Kontzertu jendetsua

Aurkezpenean jende asko egon bada, zer esanik ez gaurko egitaraua osatu duen kontzertuan. Ikus-entzulez gainezko egon da Sanagustin, gaur egungo zein garai bateko Bandako musikariek eskaintzeko zutena txalotzeko.