50 urte bete ditu Zubiolak

Urola Kostako Hitza 2016ko aza. 18a, 14:07
Iker Aizpitarte eta Juan Subinas, Zubiola enpresan. (Ihintza Elustondo)

Lehen pausoak Azpeitian eman zituen Zubiola Kooperatibak 50 urte bete ditu, eta hori ospatzeko, hainbat ekitaldi egingo dituzte gaur. Egun seinalatu honetan, Juan Subinasek eta Iker Aizpitartek mende erdiko ibilbideaz hitz egin dute.

Mende erdia bete du Azkoitiko Zubiola Kooperatibak. Ebakitzeko erremintak egiten dituzte enpresan, automozio, aeronautika, industria eta egurraren sektoreetarako. Juan Subinas (Zarautz, 1932) da haren fundatzaileetako bat, eta Iker Aizpitarte (Azpeitia, 1984) bazkide egin den azken langileetakoa da. Urteurrena aitzakitzat hartuta, enpresaren ibilbideari errepasoa egin diote bien artean.

Ondo gogoan ditu sorrerako urteak Subinasek: "Bederatzi lagun elkartu ginen, eta Azpeitiko futbol zelaiaren aurrean zabaldu genuen enpresa, 1966an. Hasiera hartan, eskura etortzen zitzaigun lana egiten genuen, eta, pixkanaka, kanpoan lana bilatzen ere hasi ginen". Enpresa hazi ahala, bazkide kopurua ugarituz joan zen, eta Landetara lekualdatu ziren. 2007an, berriz, azpiegitura arazoak tarteko, Azkoitira aldatu zuten lantegia.

Hasiera guztiek izan ohi dituzte zailtasunak, ordea. "Oso zaila izan zen hasiera hura. Txatarra saldu behar izaten genuen soldata kobratzeko. Bakoitzak 25.000 pezeta bota genituen lantegia martxan jartzeko, eta hasiera hartan dirua jarri eta jarri egin behar izan genuen. Etekinak ez dakit noiz iritsi ziren".

Erreportajea osorik, Urola Kostako Hitzaren webgunean.