Lapatx azaroaren 30ean itxiko dute

Uztarria.eus 2016ko aza. 17a, 20:04
Lapatx zabortegiko irudia.

Egun horretan sartuko dira azken errefus hondakinak Azpeitiko zabortegian, prestatuta dagoen eremuaren gaitasuna agortuta. "Oso berri pozgarria da Udalarentzat, herritarrek aspalditik espero zutena", esan du Eneko Etxeberria alkateak.

Azaroaren 30ean sartuko dira azken hondakinak Lapatxeko zabortegian. Errefusa jasotzeko prestatuta dagoen eremuaren gaitasuna agortuta, eta otsailean Urola Erdiko Mankomunitateak hartutako erabakia betez, abenduaren 1etik aurrera itxita izango da Azpeitiko lurretan dagoen zabortegia. Aitor Bereziartua Mankomunitateko lehendakari eta Azpeitiko zinegotziak, eta Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak eman dute albistea gaur, osteguna, Lapatxeko eta Mankomunitateko batzordeek egindako bileren ostean.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren eskaerari ezezkoa emanda, Gipuzkoa osoko hondakinak jasotzen jarraitzea baina Lapatx ez handitzea erabaki zuen Urola Erdiko Mankomunitateak. Modu horretan, zabortegia bizpahiru hilabetean betetzea aurreikusi zuten orduan. Azkenean, "nahi eta uste baino beranduago" Bereziartuaren hitzetan, jasotako hondakin kopuruetan gorabehera asko izan dituztelako azken hilabeteetan, baina iritsi zaie Lapatxen itxiera data finkatzeko eguna.

Lapatxen zaborra jasotzeko prestatuta zegoen eremua bete delako dator itxiera, eremu hori ez handitzea erabaki zuelako otsailean Mankomunitateak. Zaborra jasotzen jarraitzeko edukiera badago Lapatxen, baina ez horretarako egokitutakorik. "Hurrengo pausoa klausura fasea litzateke, behin betikoa", azaldu du Bereziartuak. Bide horretan pausoak emango dituzte, etorkizuneko balizko erabaki politikoei zabortegia berriro martxan jartzeko tarterik ez uzteko. "Itxiera juridikoki itzulezina izaten ere saiatuko gara, baina prozesu luzea da klausurarena. Zarauzko Urteta, adibidez, itxita dago, baina ez dut uste oraindik klausuratuta dagoenik", azaldu du Azpeitiko alkateak.

Konpromisoa beteta

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea pozik agertu da Lapatxen itxiera data iritsi delako. "Oso berri pozgarria da Udalarentzat, eta herritarrek aspalditik espero zutena. Albiste ikaragarria da Azpeitiarentzat eta azpeitiarrentzat", esan du. Otsailean, Mankomunitateak bete arte zaborrak jasotzen segitzea baina Lapatx ez handitzea erabaki zuenean, "beste erabaki bat hartzeko aukera" zegoela nabarmendu du jarraian, "Lapatx berri bat egitea edo zegoena handitzea, beste 150.000 tona ekartzeko. Baina hori ez egiteko erabakia hartu zen". Horregatik, orduan hartutako konpromisoa goraipatu du eta azaroaren 30ean "konpromiso hori bete" egingo dutela azpimarratu.

Lapatxek itxiera data "askotan" izan duela ere gogoratu du Etxeberriak, "baina oraingo data hau ziurra da". Mankomunitateko eta GHK-ko teknikariez gain, Foru Aldundia eta Jose Ignacio Asensio diputatua ere erabakiaren direla eta "onespena" eman dutela aipatu du alkateak. "Uste dut oso solidarioak izan garela Gipuzkoa osoarekin. Hemendik aurrera, gainerako gipuzkoarrek bezala, gure erara kudeatuko ditugu gure zaborrak, baina Lapatxera ezingo ditugu eraman", esan du. Herritarrei "eskerrak eman" dizkie Eneko Etxeberriak "izan duten pazientziarengatik. Lapatxek urte asko daramazki, itxiko dela eta itxiko dela esaten urte asko. Pazientziarengatik, eskerrik asko, eta udal gobernuari emandako konfiantzarengatik ere bai".

"Zabortegiaren aroa" bukatuta, datorren martxo aldetik aurrera Azpeitian indarrean izango den zabor bilketa sistema berria ekarri du gogora alkateak, "hobeto birziklatzeko sistema bat. Zaborra beste modu batera kudeatu beharko dugu".

Joan den martxoan, Uztarria aldizkariak Lapatxi eskainitako erreportaje zabala argitaratu zuen.

Garbigunea eta konpostatze planta, martxan

Errefusarentzako zabortegia itxi arren, Lapatxek ez ditu ateak itxiko. Izan ere, han jarraituko dute Azpeitiko garbiguneak eta konpostatze plantak. Azken hori, hala ere, epe laburrean ixtea espero dutela adierazi dute gaurko prentsaurrekoan, Arrasateko Epelekoa martxan jarritakoan Azpeitikoa itxi egingo zutela agindu baitzuen Diputazioak.