Jarritako helburua lortu du 'Pasaiako Badia' dokumentalaren crowdfunding kanpainak, lau egunetan

Uztarria.eus 2016ko aza. 17a, 13:57

40 egunetan 8.000 euro lortzea zen Yuri Agirre, Erik Aznal eta Xabier Otamendiren helburua, eta espero baino lehen lortu dituzte. Ekarpen ekonomikoak egiten jarraitu daitete oraindik.

Lau egunetan lortu dute Pasaiako Badia dokumentala finantzatzeko crowdfunding kanpainaren helburua Oinatzak Produkzioakeko kideeek. 8.000 euro biltzea zen Yuri Agirre, Erik Aznal eta Xabier Otamendiren apustua, eta horretarako 40 eguneko diru bilketa jarri zuten abian, joan den zapatuan.

"Behar genuen diru kopuruari baino, gure ustez lortu ahal genuenari erreparatuta jarri genuen kopurua, lan talde gazte eta xumea baita gurea", azaldu dute. Hala ere, ekarpenak egiten jarraitzeko aukera egongo da  vkm.is/pasaiakobadia webgunean, kontu korronte bidez nahiz Azpeitiko Orkatz eta Zumaiako Inpernupe tabernetan.

Uste baino lehen lortu dute hasierako helburua, eta dokumentalaren egileek "eskerrak" eman dizkie proiektua diruz lagundu dutenei: "Eskerrak eman nahi dizkiegu, bene-benetan, proiektuarekin bat egin eta ekarpen ekonomikoa egin nahiz hedatzen lagundu diguten guztiei. Urte eta erdiko lanaren ondoren, sekulako ilusio eta indarra jaso dugu azken lau egunotan". Halako diru laguntza jaso ostean, "kalitatezko dokumental bat egin eta ahalik eta hedapen zabalena emateko" ardura handiagoa sentitzen dutela esan dute.

Horrez gain, proiektua bera hedatzen jarraitzeko deia luzatu diete herritarrei: "Sareratu dugun bigarren teaserrak kasua nahiko ondo laburbiltzen duela uste dugu, esaterako. Beraz, sare sozialetan, mugikorren bidez, lagun giroan edo familian bideoa zabaltzera gonbidatzen ditugu herritarrak".

Jaso duten babesa eskertzeko, ekarpen ekonomikoa  egin duten guztientzat edota crowdfunding kanpaina bukatu bitartean egiten dutenentzat, dokumentalaren emanaldi berezi bat antolatuko dutela aurreratu dute Oinatzak Produkzioakeko kideek. Horren inguruko xehetasunen berri kanpainaren amaieran emango dute.