Ezkuztako zabalgunea berrantolatzeko lanak hasiko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak

Uztarria.eus 2016ko aza. 17a, 11:25
Egingo dituzten lanen planoa. (Gipuzkoako Foru Aldundia).

Zabalgunea berrantolatuko dute, "bertara sarrera eta irteerak puntu bakar batetik bideratuz eta maniobrak modu eroso eta seguruan egiteko asmoz". 112.573 euroko aurrekontua dute lanek eta hilabete eta erdiko epean amaituta egotea aurreiskuten dute.

Ezkuzta harrobiaren parean errepidea zabaldu eta hobetzeko obren ondorioz sortu zen zabalgunea berrantolatuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak datozen asteetan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazi duenez, "zabalgune hori gure degradatu bilakatu da, zenbait material pilatzeko gune gisa erabiltzen da. Bestalde, gune horretatik GI-631 errepidera maniobrak inolako antolamendurik gabe egiten dira". Hala, puntu hau hobetze aldera, zabalgunea berrantolatuko dute, "bertara sarrera eta irteerak puntu bakar batetik bideratuz eta maniobrak modu eroso eta seguruan egiteko asmoz". Bide batez, "gunea txukun mantentzeko eta probetxua ateratzeko" zazpi aparkaleku jarriko dituztela aurreratu dute Foru Aldunditik.

Drainatze lanenei dagokionez, hormigoizko bi areka egingo dituzte eta baita hiru kutxatila berri ere. Horrez gain, "errekaren kanalizazioa hobetzeko lanak" egingo dituzte. Bestalde, erreka eta zabalgunearen artean dagoen altuera desnibela babesteko hormigoizko karela (pretila) jarriko dute. Lanean aurrekontua 112.573 eurokoa da, eta lanak hilabete eta erdiko epean amaitzea aurreikusten du Gipuzkoako Foru Aldundiak. 

Bestalde, zabalgunearen ondoan hutsik dauden etxeak botatzea aztertzen ari dela adierazi du Azpeitiko Udalak.