Santa Xexili elkarrekin ospatuko dute bandakideek eta bandakide ohiek, zapatuan

Uztarria.eus 2016ko aza. 16a, 11:24

Azaroaren 22a Santa Xexili izanik, ospakizuna aurreratu eta zapatuan ospatuko dute musikaren eguna Udal Musika Bandako kideek. Aurten, gainera, musika bandak 150. urte egiten dituela eta, bandakide izandako herritarrei ere dei egin diete Santa Xexili elkarrekin ospatzeko. Horretarako egitarau berezia prestatu dute zapaturako.

11:00etan kalejira egingo dute herriko hainbat txokotatik, eta ondoren, 12:00etan, Udal Musika Bandaren liburua aurkeztuko dute Sanagustin kulturgunean. Eñaut Frantzesena bandakidea arduratu da liburua idazteaz, eta bandaren historia jaso du bertan, taldea sortu zenetik orain artekoa. Behin liburua aurkeztuta, kontzertu berezia eskainiko dute elkarrekin bandakideek eta bandakide izandakoek, 13:00etan hasita, Sanagustinen bertan.