'Sanagustineko elkarrizketak' zikloaren bigarrena: Erika Olaizola

Uztarria.eus 2016ko aza. 15a, 10:34

2013 eta 2015 artean Aho Bizarrik Gabe egin ondoren, Azpeitiko Kultur Mahaiak, Erlo Telebistak, Sanagustin kulturguneak, Urola Kostako Hitzak eta Uztarria Komunikazio Taldeak elkarrizketa ziklo berri bat jarri genuen abian joan den ekainean: Sanagustineko elkarrizketak.

Ziklo berrian, azpeitiar ezagunak izango dira elkarrizketatuak. Erika Olaizola (Azpeitia, 1989) aktorea izan da bigarren elkarrizketatua, eta Izaro Zinkunegi Azpeitiko Kultur Mahaiko teknikaria eta kazetaria izan da elkarrizketatzailea. Orain arteko aktore ibilbideaz, esperientziez, euskal antzerkigintzaz eta estreinatu berri den Francoren bilobari gutuna antzezlanaren sortze prozesuaz aritu zen hizketan Olaizola, besteak beste. Azaroaren 4an egin genuen elkarrizketa, Sanagustin kulturgunean. Orain, Erlo Telebistaren bideo honetan ikus daiteke, osorik.

Aurreneko saioan Jabier Larrañaga Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza diputatua izan zen elkarrizketatua. Azpeitiaz, haren ibilbideaz, ekonomiaz eta politikaz aritu ziren orduan. Hemen ikus daiteke elkarrizketa zikloaren aurreneko atala.