Helburua beteta, Hitzartuk Gure Esku Dago taldeari itzuli dio lekukoa

Uztarria.eus 2016ko aza. 12a, 16:13
Hitzarturen agurreko ekitaldian ia ehun lagun inguru bildu dira gaur, zapatua, Sanagustinen.

Independentziaren gaineko herri galdeketa egiteko helburua beteta, Hitzartuk bere ibilbideari amaiera eman dio, eta aurrerantzean Gure Esku Dago herri ekimenak jarraituko du lanean. Gaur, zapatua, Sanagustinen egin duten ekitaldian, herri galdeketara arteko prozesua gogoratu dute batetik, eta aurrera begirako asmoez ere aritu dira.  

Gaur, zapatua, independentziaren gaineko herri galdeketa egiteko zuen helburua beteta, Hitzartu taldeak iragarri du bere ibilbideari amaiera ematen diola, eta adierazi du aurrerantzean Gure Esku Dago herri ekimenak jarraituko duela lanean eta ekarpenak egiten. Sanagustinen egin den ekitaldian, ia ehun lagun elkartu dira, eta herri galdeketara arteko prozesua gogoratu dute batetik, eta aurrera begirako asmoez ere aritu dira.

Duela ia lau urte sortu zen Gure Esku Dago herri ekimena, "herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu eta herritarron garaia da" mezuarekin. Hala, iazko urriaren 31n, Gure Esku Dagok batzarra deitu zuen, eta Azpeitian erabakitzeko eskubidea praktikara eramateko erabakia hartu zuen. Hain zuzen, Azpeitian, asmo horretan laguntzeko jaio zen Hitzartu, independentziaren gaineko herri galdeketa egin duen gizarte taldea. Modu askotako ekimenak antolatu eta egin ditu ordutik, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzetik gauzatzerako bide horretan, eta egitasmo horiek guztiak biltzen dituen ordu laurden inguruko bideoa ere ikusi ahal izan da gaurko ekitaldian.

Atzera begira jarrita, Hitzartuko kide Laxaro Azkuneren esanetan, Hitzartu gizarte taldea aurkezteko urtarrilaren 16an Soreasun egin zen aurkezpen ekitaldia "arrakastatsua" izan zen, "presente izan baitziren sentsibilitate politiko ezberdinetako herritarrak, hainbat talde eragileetako ordezkariak eta norbanakoak, eta 150 herritarrek baino gehiagok babestu zuten galdeketa euren sinadurekin". Azkunek gaineratu du, urtarrilaren 16 hartan, "erronka argia" plazaratu zuela Hitzartuk: bi hilabeteko epean, 1.500 sinadura biltzea. Hilabetera, Azpeitian erroldatutako 16 urte edo gehiagoko sinatzaileei esker, lortu zuten langa hori pasatzea. Martxoaren 12ra arte jarraitu zuen Hitzartuk sinadurak biltzen, eta guztira, 2.296 sinadura bildu zituzten. Era berean, erabakitzeko eskubidearen alde abian jarritako galdeketaren aldeko sinadura bilketari amaiera emateko antolatu zuten "kriseiluen gaua oso jendetsua" izan zela gogoraratu du Azkunek. Besteak beste, azpimarratu du E5eko galdeketaren alde auzolanean egindako 'Hitza, erabakitzeko giltza' abestia aurkeztuz apirilaren 30ean egin zen Erabaki fest! eta maiatzaren 28ko lipduba "jendetsuak" izan zirela.

Ekainaren 5eko herri galdeketa "egun eder hartaz gozatzeko zoria" izan zutelako "gustura" daudela ere adierazi du Azkunek. Azpeitian, 16 urtetik gorako 4.781 herritarrek hartu zuten parte herri galdeketan, aukera zuten guztien %39,37k. "Oso balorazio positiboa egin genuen eta egiten dugu. Erabakitzen hasi garela da ondorioa, ahalduntzen ari garela. Emaitzen balorazioetan sartu gabe, aurreneko pausoa eman da Azpeitian, normaltzat ematen da independentziaz, gure etorkizunaz, galdetzea. Eta herritarrok erabaki egin nahi dugu". Hitzartuk bere ibilbidea amaitutzat emanagatik, "Azpeitian erabakitzeko eskubidearen aldeko suari eustea helburu" dutela esan du, eta "Hitzartuiko kide izan direnek, hala nahi dutenek, behintzat, Gure Esku Dagoren lan taldean ekarpenak egiten jarraituko dutela".

Aurrera begira, zer? 

Gure Esku Dago herri-ekimena 2019ra bitarteko "plangintza nazionala hiru hausnarketa edo lan ildotan" osatzen ari dela adierazi du Maite Aramendi Gure Esku Dagoko kideak. Irailean egin ziren Gure Esku Dago eskoletan "bide-orri horren oinarriak finkatu" zirela kontatu du, eta "Gure Esku Dagoren herri batzordeetan ekarpenak egiteko tartea ireki" ostean, abenduaren 17an aurkeztuko dutela bide-orria.  

  1. Herri galdeketak: Gure Esku Dagoren aurrera begirako bide-orrian "erabakitzeko eskubidea praktikan jartzeak berebiziko garrantzia" duela dio Aramendik. Hala, Etxarrin, Arrankudiagan, Ispasterren, Azpeitian, Bakaikun, Goierrin eta Debagoienean egindako galdeketei segida emanez, datozen bi urtetan, ehundik gora herritan galdeketak antolatu dituztela gaineratu du. "Eskualdeko hainbat herritan, esaterako: Zestoan, Getarian, Azkoitian, Zumaian, Zarautzen eta Orion". Era berean, galdeketak bost hiriburutan egiteko duten asmoa ere agertu du Aramendik.
  2. Adostasuna: Herri galdeketen dinamikarekin uztartuta, aurten, herriz herri landutako adierazpenekin "erabakitzeko eskubidearen aldeko adosguneak sortzen" ari direla adierazi du Gure Esku Dagoko kideak. Tokiko adierazpen horiek "herri eta eskualdeko galdeketen orube komuna osatzen" ari dira, eta "horiek guztiak erabakitzeko eskubidearen aldeko itun herritar batean biltzeko garaia" dela gaineratu du.
  3. Ehundu: Zikloaren amaiera aldera, berriz, Gure Esku Dagoren hasierako mobilizazio arrakastatsua izan zen giza-katea gogoratuz, "ekimen zabal eta parte-hartzailea" egitea dute helburu. Era berean, hirugarren lan-ildoaren baitan, Together egitasmoaren barne bi proiektu aurreikusten dituzte, bata gazteekin garatuko dena, eta, bestea, diasporarekin.