Ekonomia zirkularraren gaineko hiri-argazkilaritza tailerra antolatu dute azaroko azken astebururako

Uztarria.eus 2016ko aza. 11a, 18:20
Hau da tailerra iragartzeko prestatu duten kartela.

Udalak antolatu du, Azpeitiko Argazki Elkartearekin elkarlanean, eta David Hornback argazkilari estatubatuarrak hartuko du parte. Tailerra debalde da, baina aurrez eman behar da izena. Hilaren 26an eta 27an, goizez izango dira saioak.

Bi eguneko street photography edo hiri-argazkilaritza tailerra antolatu du Udalak, Azpeitiko Argazki Elkartearekin elkarlanean, azaroaren 26 eta 27rako. Azpeitia eta ekonomia zirkularra da tailerrean landuko duten gaia eta hiri-argazkilaritzan aditua den David Hornback (Los Angeles, AEB, 1962) argazkilariak hartuko du parte egitasmoan. San Jose Mercury News-eko lankideekin batera, Pulitzer saria jaso zuen Hornbackek 1990. urtean, San Frantziskoko Loma Prietako lurrikararen gainean egindako erreportajeari esker. National Geographic, GEO, Time, New York Times eta Stern bezalako hedabideentzat ere egin du lan, besteak beste.

Hilaren 26an eta 27an, goizez izango dira tailerreko bi saioak, 09:30etik 13:30era, argazki elkartekoen egoitzan (Perez Arregi plaza, 1). Lehenengo saioan, zapatuan, hiri-argazkilaritzaren oinarriak jasoko dituzte tailerreko partaideek hasieran; ondoren, Azpeitian ekonomia zirkularra zertan den ere azalduko diete; eta, azalpenen ostean, argazki irteera egingo dute. Igandean, berriz, partaide bakoitzak bezperan ateratako bizpahiru argazki ikuskatu eta komentatuko dituzte lehenbizi, berriro argazkiak egitera irten aurretik.

Tailerra doakoa da, baina parte hartu nahi dutenek aurrez eman behar dute izena eta bi aukera dituzte horretarako: 687834589 telefonora deitu dezakete edo ingurumena@azpeitia.eus helbidera idatzi.