Interneten eta sare sozialen arriskuez eta aukerez sentsibilizatzeko kanpaina abiatu dute

Uztarria.eus 2016ko aza. 11a, 16:01

Azpeitiko eta Azkoitiko udalek eta bi herrietako ikastetxeek jarri dute abian kanpaina, Iraurgi Berritzenen eskutik. Ikastetxeetan formazio tailerrak egin dituzte ikasle eta irakasleekin, eta herrirar orori zuzenduta gaiaren inguruko hitzaldi zikloa jarriko dute martxan hurrengo astean.

Interneten eta sare sozialen erabilera ohikoa den garaiotan, horien erabilerak dituen arriskuez zein aukerez informatzeko eta sentsibilizatzeko hainbat ekintza antolatu dituzte Azpeitiko eta Azkoitiko udalek eta bi herrietako bost ikastetxek. Gaur, ostirala, eman dute kanpainaren berri Azpeitiko eta Azkoitiko udaletako arduradunek eta ikastetxeetako arduradunek. 

Iosu Sorasu Iraurgi Berritzen garapen agentziako kideak adierazi duenez, ikastetxeek antzemandako beharretatik abiatuta hasi ziren sentsibilizazio kanpaina diseinatzen: "Iraurgi Berritzeneko sarean, ikastetxeen mahaian, zuzendariek ardura erakutsi zuten Interneten eta sare sozialen inguruan. Eskoletan zenbait egoera eman dira ustez oso larriak izan direnak, eta egun oso azkar garatzen ari direla ikusita, zerbait egiteko beharra ikusi zen". 

Ikastetxeetatik harago, Interneten eta sare sozialen gaia aisialdi eremuan landu beharrekoa ere bazela pentsatu zuten Iraurgi Berritzeneko kideek zein ikastetxeetako ordezkariek, eta Azpeitiko eta Azkoitiko udaletako Gazteria sailekin jarri ziren harremanetan. 

Proiektua hiru lan eremutara zabaldu dute. Alde batetik, Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleei zuzenduta bi orduko hiru saio praktiko antolatu dituzte. Saio horien helburua da ikasleak sare sozialek eta Internetek eskaintzen dituzten aukeren arriskuez jabetzea. 300 ikaslek baino gehiagok hartu dute parte tailerrean. Horiek emateaz Mikel Agirre Ementic zentroko kidea arduratu da, eta saioen balorazio "positiboa" egin du. 

Bestetik, ikastetxeetako irakasle nahiz aisialdiko begiraleen ezagutzak indartu nahi izan dituzte, eta horretarako formakuntza tailerrak eskaini dituzte ikastetxeetako klaustroetan. Horiekin, sare sozialen erabilerarekin eman daitezkeen egoera ezberdinei aurre egiteko prestakuntza eskaini nahi izan dute. 

Formaziora begirako hitzaldiak

Ikastetxeetan eskaini dituzten tailerrez gain, herritar orori, bereziki gurasoei eta gazteei, zuzendutako hitzaldi zikloa antolatu dute. Jardunaldi horien bitartez, herritarrek gaiaren inguruan izan ditzaketen zalantzak eta kezkak argitzen saiatuko dira. Horrez gain, Internet nahiz sare sozialak erabiliz sor daitezkeen egoera ezberdinen aurrean nola erantzun azalduko diete parte-hartzaileei. 

Gazteek sare sozialak eta Internet "oso modu naturalean" erabiltzen badituzte ere, gurasoentzat eta irakasleentzat "mundu berria" dela adierazi du Leire Goenaga Azpeitiko Hezkuntza zinegotziak: "Irakasle, guraso eta hainbat hezitzaileentzat sare sozialen gaia ez da oso ezaguna eta erraza". Horregatik, guraso, irakasle zein hezitzaileak gaiaren inguruan formatzeko beharra ikusi dute sentsibilizazio kanpainaren sustatzaileek, eta horren karira antolatu dituzte hitzaldi zikloak. 

Guztira, lau hitzaldi eskainiko dituzte Azpeitian eta Azkoitian, bi hitzaldi herri bakoitzean. Azpeitian azaroaren 22an eskainiko dute aurrenekoa, Internet: aukerak eta arriskuak izenburupean, 19:00etan Sanagustinen. Bigarrena, aldiz, Sare sozialak: erabilera egokia izango da, azaroaren 29an, ordu eta leku berean. 

Erantzun kolektiboa arazoari

Nekane Larrañaga Azkoitiko Hezkuntza zinegotziak gurasoen artean gaiaren inguruko kezka ere nabarmentzen zela adierazi du: "Gizartea aldatzen ari da, eta gizarte indibidualista honetan zerbait batera egiteko beharra ikusi genuen. Gaur egun, ezin da heziketa eskolen gain bakarrik utzi, ardura gurasoena da, eta ez gurasoena bakarrik, gizartearena baizik". Hala, arazoari irtenbidea emateko eragileen arteko elkarlana "ezinbestekoa" dela esan du Larrañagak.  Horrez gain, egitasmoan izandako parte-hartzeagatik eskerrak eman dizkie Iraurgi Berritzeni eta gainerako eragileei.

Leire Goenagak ere "eskerrak" eman dizkie proiektuan parte hartu duten ikastetxeei: "Beharrak antzeman zirenetik gaur artean denbora asko pasatu da, eta ez da erraza izan behar horietatik abiatuta zer eta nola egin erabakitzea. Lan horretan ikastetxeen jarrera ezinbestekoa izan da".