Imanol Azkoitiak azpeitiarrez idatzi du 'Dorian Grayren erretratua' liburua

Uztarria.eus 2016ko aza. 14a, 10:43
Imanol Azkoitia, liburua eskuetan duela.

Dorian Grayren erretratue izena du azpeitiarrak bere denbora librean itzuli duen liburuak. Dagoeneko eskuragarri dago Azpeitiko liburutegian zein Azkoitiko Hizki liburudendan. Herritarren eskura ere jarri nahi du egileak, eta ale bat edo beste Soreasuko Elkargunera eramateko asmoa du.

Imanol Azkoitia azpeitiarrak, Oscar Wilde idazlearen Dorian Grayren erretratua liburua azpeitiarrez idatzi du. Aurrez euskarara itzulita zegoen obra, eta horretaz Aitor Arana idazle eta hizkuntzalari legazpiarra arduratu zen. Imanol Azkoitiak azaldu duenez, "Aitorrek euskalkiak berreskuratzeko eta horiek mantentzeko izugarrizko lana egin du, eta Azpeitiko aldaera jasotzea interesgarria iruditu zitzaion".

Aspalditik ezagutzen dira Imanol Azkoitia eta Aitor Arana, eta horregatik eskatu zion laguntza idazle legazpiarrak azpeitiarrari, eta azken horrek bere denbora librean itzuli du Oscar Wilden liburua. "Euskalkiak galtzen ari diren honetan halako lana egitea interesgarria iruditu zitzaidan, eta oso gustura aritu naiz liburua itzultzen", adierazi du Azkoitiak. Gainera, "euskara eta euskalkiak sustatzeko" balioko duela uste du.

Dorian Grayren erretratue izena jarri dio Imanol Azkoitiak itzuli berri duen obrari, eta 50 ale argitaratu dituzte. Liburua dagoeneko salgai dago Azkoitiko Hizki liburudendan, 9 eurotan. Herritarren eskura ere jarri nahi du obra, eta Azkoitiak aurreratu duenez, liburuaren ale bat edo beste Soreasuko Elkargunera eramateko asmoa du. Azpeitiko Udal liburutegian ere eskuratu daiteke.

Aitor Aranak Oscar Wilde idazlearen Dorian Grayren erretratua hainbat euskalkitan argitaratzeko asmoa du.