'La chica del tren' filma izango da ikusgai datozen egunetan, Soreasun

Uztarria.eus 2016ko aza. 11a, 12:31

Joan den astean bezala, aste honetan ere zine eskaintza murritzagoa izango da Soreasu antzokian, XXXIV. Euskal Antzerki Topaketak direla eta. Hala, film bakarra eskainiko dute datozen egunetan: La chica del tren. Igandean, azaroaren 13an, 19:30ean eskainiko dute filma, eta astelehenean, ikusleen egunean, 21:30ean. 

La chica del tren thriller generoko filma da. Bananduta dagoen Rachel Watsonek alkoholarekin arazoak ditu. Egunero New Yorkera doan trena hartzen du lanera joateko, bere etxea izan zenaren aurretik pasatzen den trena, hain zuzen. Etxe horretan, bere senar ohia bizi da gaur egungo emaztearekin eta semearekin. Treneko bidaia xamurtzeko, aurrerantzean bere begiak Megan eta Scott Hipwell bikote idilikoari zuzenduko dituela erabakitzen du.

Goiz batez, treneko leihotik gertaera latz baten testigu izango da. Hurrengo goizean, ordea, biharamun itzelarekin esnatzen da, zauri eta kolpe batzuekin, eta ez du aurreko egunaz ezer gogoratuko. Dakiena da zerbait larria gertatu zela. Telebistako albisteak ikusten ari dela Megan Hipwell desagertu dela jakiten du. Rachelek badaki zerbait gertatu zela eta ikertzen hasiko da, bide batez, berak aurreko gau horretan zer egin zuen jakiteko.