'Pasaiako Badia' dokumentala finantzatzeko crowdfunding kanpaina abiatuko du Oinatzak Produkzioakek

Uztarria.eus 2016ko aza. 11a, 10:51
'Pasaiako Badia' dokumentalaren aurkezpeneko irudia. (Oinatzak Produkzioak)

8.000 euro biltzea nahi dute dokumentalaren egileek, orain arte sortutako gastuen zati bati aurre egiteko eta aurrera begira dituzten erronkak finantzatzeko. Bihar aurkeztuko dute dirua biltzeko kanpaina Iruñeko Katakrak liburutegian. Bertan izango dira 1984an hildakoen senideak eta lagunak zein dokumetalaren talde teknikoa.

Pasaiako Badia dokumentala finantzatzeko crowdfunding kanpaina abiatuko du bihar, azaroak 12, Oinatzak produkzio taldeak. Bertako kidea dira Xabier Otamendi eta Yuri Agirre azpeitiarrak, eta joan den martxoan aurkeztu zuten dokumentala. Orain, ikus-entzunezkoa finantzatzeko dirua biltzeko kanpaina jarriko dute abian, eta bihar aurkeztuko dute kanpaina hori Iruñeko Katakrak liburutegian. Crowdfundingarekin 8.000 euro biltzea nahi dute dokumentalaren egileek, orain arte sortutako gastuen zati bati aurre egiteko eta aurrera begira dituzten erronkak finantzatzeko.

1984ko martxoaren 22an Pasaian jazotako gertaerak biltzen ditu dokumentalak. Egun hartan poliziak Dionisio Aizpuru Kurro, Pedro Mari Isart Pelitxo, Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Izura Pelu hil zituen, eta gertaera hori da dokumentalaren oinarria. Maiatzean hasi ziren grabaketekin, eta orduz geroztik hildakoen senideak, Rosa Jimeno eta Joseba Merino testigu zuzenak nahiz pasaiako herritarrak, Santiago Gonzalez eta Miguel Castels abokatuak, Carlos Garaikoetxea lehendakari ohia edota Enrique Villareal El Drogas elkarrizketatu dituzte. Dokumentalaren egileek azaldu dutenez, "elkarrizketa gogor, latz zein hunkigarriak" bildu dituzte.  

Azpeitian ere izan ziren Pasaiako Badia dokumentalaren zati bat grabatzen. Orduan Arantxa Isart, Pasaiako segadan hildako Pedro Mari Isart Pelitxoren arreba, elkarrizketatu zuten Xabier Otamendi eta Yuri Agirre azpeitiarrek, eta azaldu zutenez, "Isartek Pelitxo anaiak jasandako torturak, GALen atentatua nahiz Pasaiako segada bera kontatu zizkigun, besteak beste".